Skip to content

Teknologiaren erabilera matematiko ikasgelan

Eduki taula

Azkenaldian, ikasgeletan teknologia erabiltzeak dakartzan onurei edo kalteei buruzko eztabaidak piztu dira. Zer dio hezkuntza-ikerketak ikasgeletan teknologia erabiltzeari buruz? Erabiltzen jarraitu beharko genuke? Zertarako, eta noiz?

Hiru galdera horien inguruko eztabaida zabalik dago oraindik. Hala ere, alor horretan egindako ikerketen arabera, faktorerik erabakigarriena ez da teknologia bera erabiltzea, nola erabiltzen dugun baizik. Audrey Azoulay UNESCOko zuzendariak dioen moduan, «iraultza digitalaren potentziala neurtezina da, baina, gizartean nola arautu beharko litzatekeen ohartarazi den moduan, hezkuntzan ere nola erabili beharko litzatekeen ohartarazi beharko litzateke. Teknologia ikaskuntza-esperientziak hobetzeko erabili beharko genuke, eta ikasle eta irakasleen beharretara egokitu behar du; ezin du gure kalterako izan».

Innovamaten asko hausnartu dugu teknologiak ikasgelan duen zereginaren inguruan, eta dituen alde onak eta txarrak arretaz aztertu ditugu. Gure hezkuntza-proposamenean, irakasleek teknologia erabiltzen dute, bai saioak prestatzeko, bai gero ikasgelan klasea emateko. Ikasleek, berriz, astean behin erabiltzen dute praktika sistematikoa egiteko. Praktika horretan, ariketak egiten dituzte ikasgelan eraikitako ezagutzak finkatzeko. Gakoa oreka bilatzea da: teknologiaren abantailak aprobetxatzen ditugu, baina hezkuntza-esperientzia osoa eta esanguratsua arriskuan jarri gabe.

Teknologiaren onurak ikasgelan

Beraz, hauxe da planteatu beharko genukeen galdera: hezkuntza-tresna teknologikoak benetan baliagarriak al dira ikaskuntzarako? Hona hemen onura nagusietako batzuk:

  • Irakaslearen zerbitzura dagoen tresna bat da: teknologiak ikaskuntza-esperientzia bultza dezake, betiere modu egokian eta hezitzaileen gidaritzapean erabiltzen bada. Irakaslearen rola funtsezkoa da, eta ez bakarrik elkarrizketaren, manipulazioaren eta esperimentatzearen bitartez ikasleek ezagutza errazago eraiki dezaten. Irakasleek matematikako-ikasgelan praktika sistematikoa sustatu behar dute, eta ikasleen artean jarrera aktiboa bultzatu aurkezten zaizkien jardueren aurrean; hau da, ikasleak gelan ikasten ari direna pentsatzera, arrazoitzera eta aplikatzera bultzatu behar ditu.
  • Baliabide digitalaren aukerak aprobetxa ditzakegu: teknologiak paperean aurkezteko zailak diren edukiak praktikatzeko aukera ematen digu, hala nola irudiak 3Dn bistaratzea, angeluak zenbatestea edo zenbaki arrazionalak zenbakien zuzenaren gainean kokatzea. Gainera, denbora erraz erregulatzeko aukera ematen du; izan ere, oso garrantzitsua da kalkuluak arin egiteko trebetasuna lantzeko.
  • Ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen den sekuentzia didaktikoa eskaintzen du: teknologiarekin errazagoa da edukiak ikasleei aurkeztea, errazagoa baita edukiak haien beharretara eta ikasketa erritmora egokitzea. Askotan ez da erraza 25-30 ikasle kudeatzea, bakoitzarentzat jarduera indibidualizatuak eskaintzea, eta, aldi berean, ikasle bakoitzak egiten duena arretaz behatzea eta behar duten laguntza ematea. Artikulu honetan, gure praktika digitalaren balio didaktikoa ikus dezakezue, baita ikasle bakoitzaren beharretara nola egokitzen den ere.
  • Berehalako eta kalitatezko erantzuna ematen du: tresna teknologikoak erabiltzean, ikasleak zeregina egin ahala ikus ditzake erantzunak, eta feedbacka momentuan jasotzen dute. Horrela, zeregin bakoitza egin ahala ikus dezake aurrerapenak egiten ari den ala ez, ez du jarduera guztiak amaitu arte itxaron behar. Adibidez, Innovamat App-ean, demagun ikasle batek oker erantzun duela. Aplikazioak, akatsa zuzentzeaz gain, ikaslea gidatzen du akatsa non egin duen ikus dezan. Gure jarduerak era horretako feedbacka emateko diseinatuta daude. Baina ez hori bakarrik: ikasleak aholkuak edo pistak eska ditzake egoera ez dakienean nola ebatzi. Praktika digitaleko saio bat nolakoa den jakin nahi baduzue, hemen ikus dezakezue gure aplikaziotik jasotako adibide bat.

     

  • Ikasleen aurrerapenaren arabera har ditzakegu erabakiak: teknologiak aukera ematen digu, egin dituzten jardueren bidez, ikasle bakoitzak ikaskuntza-helburuak zenbateraino barneratu dituen jakiteko.
    Horri esker, irakasleak ikasleen etengabeko ebaluazioa egin dezake eta, horrela, ikasle bakoitzari behar dituen baliabideak eskaini ahal izango dizkio, bai alderdiren bat indartzeko, bai jada barneratuta dituen beste batzuetan sakontzeko.

Teknologia erabiltzeak izan ditzakeen arriskuak

Teknologia modu pasiboan erabiltzeak, ikuspegi pedagogiko edo didaktiko batean oinarritu gabe edo irakaslearen edo heldu baten gidaritzarik gabe, ondorio edo arrisku batzuk izan ditzake:

  • Kontzentrazioan eragina izan dezake: teknologiak distraitu egiten gaitu askotan. Gailu pertsonaletan etengabe jasotzen ditugun jakinarazpenek edo sare sozialetan sartzeko aukera izateak eragin zuzena du kontzentrazioan. Arrisku horretaz jakitun gara; horregatik, gure praktika digitala eskolan etenik gabe eta irakaslearen zaintzapean egin ahal izateko pentsatua dago. Praktika digitala etxean egiten bada, aldiz, tablet edo ordenagailu bat erabiltzea gomendatzen dugu. Jakinarazpenak desaktibatuko ditugu haurrak app-a erabiltzen ari diren bitartean, eta heldu baten zaintzapean erabiliko dituzte gailuak.
  • Gailua zenbat denboraz erabiltzen duten: batzuetan arazoa ez da gailua zertarako erabiltzen dugun, zenbat denboraz erabiltzen dugun baizik, eta zer egiteari uzten diogun nahiago dugulako gailua erabili. Produktu digital asko erabiltzailea erabileraren menpe egoteko diseinatuta daude. Gure aplikazioa diseinatzerako orduan, ikuspegi didaktikoan oinarritu gara, eta mendekotasuna sortzen duten elementuak saihestu ditugu. Gainera, kontuan izanda ez dela gomendagarria gailu digitalak gehiegi erabiltzea, gure aplikazioa ikasgelan astean ordubetez bakarrik erabiltzeko pentsatuta dago Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, eta Haur Hezkuntzan, berriz, astean 15 minutuz erabiliko dugu gehienez.
  • Egindakoa errepikatzea (baina baliorik gabe): gelan egin dugun gauza bera digitalki errepikatzeak ez du esan nahi ikasketa-prozesua hobetzen ari garenik. Kontua ez da testuliburuen edukia PDF batera pasatzea, ordezkapen horrek ez baitu ezer berririk ekartzen. Gainera, arazo teknikoak izan ditzakegu askotan, gailuak bateriarik gabe gera daitezke eta formakuntzak behar izaten ditugu software berrietara eta haien eguneraketetara egokitzeko.
  • Hezkuntza gehiegi birtualizatzea: errazagoa da elkarrizketaren, manipulazioaren, lankidetzaren eta aurkikuntzaren bidez lortzen den ikasketa eremu fisiko batean (hau da, ikasgelan) gertatzea. Hori dela eta, gure proposamenaren praktika digitala ikasketa-prozesu osoaren zati txiki bat baino ez da. Izan ere, Innovamaten ustez, ikasleen eta irakasleen arteko elkarreragin zuzena, jarduera praktikoetan parte hartzeko aukera, talde-lana eta gaitasun sozialen garapena presentzialtasunak eskaintzen dituen funtsezko osagaiak dira, batez ere derrigorrezko hezkuntzako etapetan. Jakina, egoera jakin batzuetan urrutiko ikaskuntza izan daiteke aukera bideragarri bakarra, esate baterako, pandemia garaian. Egoera horietan ere, gure helburua konpetentzietan oinarritutako ikasketa sustatzea da jarduera aberatsen bidez.

Teknologia matematika ikasteko

Hezkuntzan teknologia erabiltzearen inguruko eztabaida oraindik ez da amaitu. Erronka nagusia ikasgelan integratzeko forma egokiena aurkitzean datza. Aztertu dugun moduan, teknologiaren erabilerak onurak izan ditzake matematika ikasteko, ikasle bakoitzaren beharretara egokitzeaz gain, aukera digital ugari eskaintzen baititu. Gainera, feedback pertsonalizatua ematen dio ikasleari, eta irakasleak ikasle taldearen aurrerapenari buruz informazio gehiago izan dezake. Hala ere, ikusi dugun bezala, ez bada egoki erabiltzen, arriskuak izan ditzake. Innovamaten erronka horri aurre egin nahi diogu, eta, horretarako, teknologia zentzuz eta arduraz erabiltzea proposatzen dugu, dituen alde onak indartzeko. Bestalde, irakasleei ikasgelan teknologia nola erabil dezaketen azaltzen diegu.

Diferentes actividades de Innovamat

Bibliografia

Bradley, D. (2019) Screen Time and the Brain. Harvard Medical School. https://hms.harvard.edu/news/screen-time-brain  

Desmurget, M. (2020). La Fabrique du crétin digital. POINTS.

GEM Report UNESCO. (2023). Global Education Monitoring Report 2023: Technology in education: A tool on whose terms? (1a ed.). GEM Report UNESCO. https://doi.org/10.54676/UZQV8501

Hassinger-Das, B., Zosh, J. M., Hansen, N., Talarowski, M., Zmich, K., Golinkoff, R. M., & Hirsh-Pasek, K. (2020). Play-and-learn spaces: Leveraging library spaces to promote caregiver and child interaction. Library & Information Science Research, 42(1), 101002. https://doi.org/10.1016/j.lisr.2020.101002

Higgins, S., Xiao, Z., & Katsipataki, M. (2012). The Impact of Digital Technology on Learning: A Summary for the Education Endowment Foundation. Full Report. En Education Endowment Foundation. Education Endowment Foundation. https://eric.ed.gov/?id=ED612174

Kirkwood, A., & Price, L. (2013). Examining some assumptions and limitations of research on the effects of emerging technologies for teaching and learning in higher education. British Journal of Educational Technology, 44(4), 536-543. https://doi.org/10.1111/bjet.12049

Lei, J., & Zhao, Y. (2007). Technology uses and student achievement: A longitudinal study. Computers & Education, 49(2), 284-296. https://doi.org/10.1016/j.compedu.2005.06.013

Authors

  • Lehen Hezkuntzako Magisteritzan graduduna Bartzelonako Unibertsitatean eta Ikus-entzunezkoen eta Ikuskizunen Ekoizpeneko goi-mailako teknikaria Bartzelonako Ikus-entzunezko Hedabideen Eskolan. Irakasle gisa, beti aritu da matematikako espezialista gisa, LHko maila guztietan. Irakasleei matematikaren didaktikaren inguruko prestakuntzak ematen ere ibili da. Innovamaten, didaktika digitaleko saila koordinatzen ibili zen, eta, gaur egun, ebaluazio-sailaren arduraduna da.

    View all posts
  • Laura Morera Matematikan lizentziaduna da Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan (UPC), eta Matematikaren eta Zientzia Esperimentalen Didaktikan doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB). Gaur egun, irakasle dihardu Kataluniako Unibertsitate Irekian (UOC), eta Innovamaten kolaboratzaile ere bada. Laurak 17 urtetik gorako ibilbidea dauka irakasle gisa, hala Lehen Hezkuntzan nola Bigarren Hezkuntzan eta unibertsitatean. Horrez gain, irakasleentzako formakuntza-saioak ere eskaintzen ditu.

    View all posts
  • Ordenagailuak artean egun ezagutzen ditugun bezalakoak ez zirenean, Frankek bazuen jada buruan teknologia eta hezkuntza uztartzeko ideia. LHko irakasle-lana robotikako eta ordenagailuen programazioko espezializazioarekin uztartu du. Irakasleei prestakuntza asko eman dizkie, batez ere pentsamendu konputazionalari, STEAMi, lan globalizatuari eta abarri buruz. Gaur egun, didaktika taldearen parte da, urte luzez Innovamat proposamena ikasgelara eraman ostean.

    View all posts

Entrades recents

  • Nola susta dezakegu arintasuna matematikako ikasgelan?

    Badakigu matematika eragiketak egitea baino askoz gehiago dela, baina ezin dugu ahaztu eragiketak oinarri-oinarrizkoak direla matematikan. Beraz, zer…

  • Noiz eta nola sartzen dira haurrak zenbakien munduan?

    Maria Antònia Canalsek zioen ia ezinezkoa dela esatea noiz sartzen diren haurrak zenbakien munduan. Hala ere, haurtxoekin egindako ikerketari esker (A…

  • Matematikaren ikaskuntza sustatzeko 5 galdera eta erantzun!

    Beharrezkoa da biderkatzeko taulak buruz jakitea? Matematikan ahalegina sustatu behar da? Praktikatzea garrantzitsua da? Askotan egiten dizkiguzue hal…

Subscriu-te al butlletí

Rep totes les nostres novetats i continguts exclusivament al teu correu.