Skip to content

Praktikatu ala ez praktikatu, hor dago koska

pràctica digital

Pentsatu matematika-eskola tradizional batean. Ikasle zinetenean ziur asko “gozatu” zenutena. Gehienei txosten amaiezinak eta zertarako jakin gabe buruz ikasi zenituzten mantrak etorriko zaizkizue burura. Alemaneko hiztegia goitik behera buruz ikasiko bazenu, hitz bakar baten esanahia jakin gabe, alemana hitz egiten duzula esan zenezake? Argi dago ezetz. Zerbait buruz ikasi arte errepikatzeak ez du ikasketa bermatzen. Zuen lagun edo senideei zenbaki dezimaldunen zatiketak eskuz nola egiten diren gogoratzen ote duten galdetu besterik ez duzue.  Eskolan hainbeste orduz praktikatu ondoren, zer geratzen da? Aurrekari horiekin, ulergarria da matematikek gizartean duten irudia zientzia kamuts, kategoriko eta beldurgarriarena izatea, eta, kasurik okerrenean, aspergarriarena. 

Zorionez, azken urteotan gaitasunei gehiago begiratzen dien joera bat nagusitu da, edukian zentratzeaz gain hura interpretatzeko aukera ematen diguna. Ez dugu ezagutza deus ulertu gabe errepikatu eta pilatzen duen haur entziklopedikorik nahi; ikerketa eta berdinen arteko solasa sustatzen dituzten galdera aberatsak luzatu nahi ditugu, edukia problemak ebatzi eta arrazoiketa kritikoak egiteko baliatzeko gai diren ikasleak nahi ditugu. Horrela baino ezingo dugu esan matematikak ikasten ari direla. 

Baina, orduan, paradigma horren barruan, sekula ez al da beharrezkoa praktikatzea? Ez da hori ere: oreka bilatu behar dugu. Kontzeptuak deskubritu ondoren, materiala manipulatuz horiek eraiki eta ulertu ondoren, prozedurak praktikatu eta arintasun matematikoa garatzeko uneak aurkitu behar dira, prozedura horiek automatizatu arte.Bestela esanda, ondo dago batuketak eta kenketak egitea, baina zertarako balio duten ulertu dugunean soilik.Buruz ikasteak ulermenaren ondorioa izan behar du.

Zer esanahi du praktikatzeak?

Didaktikan, bi praktika mota bereizten ditugu: ekoizpen-praktika eta errepikapenezko praktika. Biek dituzte beren abantailak, eta, gure helburuen arabera, bata bestea baino egokiagoa izango da. Horregatik, garrantzitsua da bakoitzaren ezaugarri garrantzitsuenak zein diren jakitea. Ezagut ditzagun, ba!

Ekoizpen-praktikaren kasuan, galdera ireki batetik abiatuz, ikasleei testuinguru bat eta erantzun bat “ekoizteko” praktikatzea eskatzen duen helburu bat aurkezten zaie.Adibidez, 1etik 60ra bitarteko zenbaki arruntak erabiliz, bakar bat ere errepikatu gabe, 10 zenbakiko kate bat eratuko dugu, bakoitza alboko zenbakiaren multiploa edo zatitzailea delarik. Kasu horretan, kateak “ekoizteko” helburura hurbiltzean, ikasleak multiploen eta zatitzaileen kalkulua praktikatuko du. Era horretako ekoizpen-praktikako saioak planteatzearen abantaila berez egokitzen direla da: ikasleak praktikatuko duen prozedura menderatzen badu, iterazio gutxi beharko ditu erantzun bat ekoizteko eta galdera berriak planteatu ahal izango ditu; aldiz, zailtasunak baditu, zereginaren berezko izaerak gehiago praktikatzera derrigortuko du, eta hori baita, hain justu, behar duena. 

Errepikapenezko praktika da praktika ohikoena eta prozedura bat hainbat alditan errepikatzean datza, errepikapen hutsetik haragoko helburu zehatzik gabe. Tradizionalki, horrelako praktikak txostenen bidez egiteko planteatzen ziren. Enuntziatu labur baten baitan (adibidez, “ebatzi”) hainbat atal lotzen dira. Ikasgela batean irakasle aritu garenok dakigunez, ikasleak prozedura ulertzen badu, atal batzuen buruan aspertu egingo da, eta, ulertzen ez badu, barra-barra errepikatuta ere ez du ulertuko seguruenik. Edozein kasutan, matematikak errepikakorrak, beldurgarriak eta, kasurik okerrenean, aspergarriak direlako irudia helarazten diegu ikasleei. 

Gaur egun, ordea, plataforma digitalei esker, txosten tradizionalaren ordezko aukera bat dugu. Haur Hezkuntzarako edo Lehen Hezkuntzarako gure proposamenetan, praktika digital hori Innovamat App-aren bidez lantzen dugu. Bigarren Hezkuntzan, berriz, Ikasgela-kudeatzailean egiten dugu. Horri esker, txostenak teknologia irakasle eta ikasleen zerbitzura jartzen duen ingurune batekin ordezkatzen ditugu.

Zer abantaila eskaintzen dizkigu teknologiak?

Teknologiak praktika ikasgelara ekartzeko bitarteko modura duen egitekoa formatu-aldaketatik harago doa: kontua ez da soilik atal errepikakorren zerrendak mozorrotzea pantailan egitea errazagoa izan dadin. Guretzat, teknologia askoz ere aberatsagoa da. 

Lehenik eta behin, praktika digitalak denboraren aldagaia kontrolatzeko aukera ematen digu. Bestela esanda, erantzuteko denbora muga dezakegu, edo ikasle batek atal jakin batean eman duen denbora neurtu eta, horren arabera, neurri batzuk edo besteak hartu. 

Bigarrenik, ikaskuntza pertsonalizatzeko aukera ematen digu: App-ak eskaintzen duen ibilbideari esker, ikasleek egiten dutenaren arabera egiten da ataletan aurrera. Zuzenketak denbora errealean egiten dira, eta, horri esker, ezinbestekoa denean bakarrik errepikatzen du ikasleak zeregina. Gainera, ikasleak akatsik egiten badu, didaktikari dagokionez ondo pentsatutako laguntza-aholkuak eskaintzen ditu praktika digitalak. Ikasleak txosten konbentzionalekin ariko balira, zaila izango litzateke halakoak kudeatzea. 

Hirugarrenik, praktika digitalak eskaintzen duen ingurune dinamikoak paperean aurkezten zailak diren edukiak praktikatzeko aukera ematen du. 3D bistaratzea, angeluen zenbatespena edo zenbakien lerroan zenbaki osoak identifikatzea bereziki errazak dira plataforma digitalekin. 

Laugarrenik, irakasleak ez du zuzenketarik egin beharrik eta ikasle bakoitzaren inguruko txostenak ditu. Cecilia Calvo, gure erreferente didaktikoetako bat, ikasturte honetan praktika digitala erabiltzen ari da bere ikasleekin eta, azaltzen duenez, «txostenak gaitasunetan oinarritutako ebaluazioak egiteko nahikoa ez badira ere, ikasleek zer eduki eta prozedura menderatzen dituzten ondoen, edo zeinetan duten zailtasun gehien, erakusten didate, nahiko modu fidagarrian gainera. Hori guztia oso baliagarria gertatzen zait, batez ere hurrengo saioak hobeto antolatzeko eta eduki berriak nola aurkeztu pentsatzeko. Gainera, egiaztatu ahal izan dudanez, txosten horiek koherenteak dira neronek ikasgelan ikusitakoarekin, eta baita ondoren ikasgelan idatzizko probaren bat egitean biltzen ditudan emaitzekin ere».

Azkenik, ezin dugu gutxietsi praktika digitalaren ingurunea oso erakargarria dela ikasleentzat lan egiteko, txosten batekin aritzea baino gehiago. Hain zuzen, ikusi dugunez, astero erabiltzen dituzten ikasle gehienek motibazio eta praktikatzeko gogo handiagoa dituzte. «Ikasleek ez naute barkatzen praktika digitala saltatzen badut», dio Ceciliak. «Betiko fitxekin ez nuen horrenbesteko arrakastarik».

  • Albert Vilalta

    Formazioz ingeniaria da, eta matematikako irakaslea bokazioz. Gaur egun, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Hezkuntza Fakultateko irakaslea da, eta matematikaren didaktikako doktoretza amaitzen ari da. Unibertsitateko lana irakasleen formakuntzarekin eta, batez ere, Innovamateko didaktikako sailean ikerketa-, komunikazio- eta kontzeptualizazio-ardurekin uztartzen du.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.