Skip to content

Matematika-ikaskuntza eraldatzen: ahaztu “Ez dakit”, eta esan “Ondoriozta dezaket!”

Aprenentatge matemàtiques setmana classe innovamat

Oraindik ez dugu hau ikusi“. Gogoratzen zara eskolara joan eta artean landu gabeko eragiketaren bati buruz galdetzen zizutenekoaz?

– 7×8, zenbat da? 😉
– Hara… Hori ez dugu oraindik landu eskolan, 5eko taulan gaude… 😅

Bada, egiazki, bai, jakin genezakeen. Ondoriozta genezakeen! Kontua da biderkatzeko taulak era mekanizatuan eta buruz ikasten genituela. Ibaien edo errege-erreginen izenak ikasten dituenak bezala.

Ez genuen beste urrats bat gehiago egiten, ez genuen ulertzen, adibidez, 4ko taula 2ko taularen bikoitza dela; edo, 3x5en emaitza 15 bada, 3x6ren emaitza ezagutzeko, 15+3 batuketa besterik ez dela egin behar, hau da, 3×6=18. Izan ere, estrategia sorta zabala dago biderketa sinple askoren emaitzak aurkitzeko!

Innovamaten, ikasleek emaitza aurkitzeko estrategia egokienak aurkitzea sustatzen dugu. Horregatik, gure denboraren zati handi bat ezagutza eraikitzen ematen dugu, materialen manipulazioaren, elkarrizketaren eta aurkikuntzaren bitartez. Ezagutza eraiki eta instituzionalizatu dugunean soilik hasiko gara horiek praktikatzen eta sistematizatzen.

Hala, ikasleek matematika erronkatzat hartzea lortu dugu, ebatzi beharreko enigmatzat. Eta orain, esan beharrean: “Oraindik ez dugu hau ikusi”, eta hori onartu beharrean, haien erantzuna hau izatea sustatzen dugu: “Itxaron, ez dakit, baina pixka bat pentsatzen uzten badidazu, uste dut ondorioztatuko dudala!”.

Nolakoa da aste bat matematikako eskolan Innovamatekin?

Dakizuenez, Innovamat ez da metodo bat. Irakasle bakoitzak matematikako gela antolatzen eta dinamizatzen du bere testuinguruaren arabera egokitzat jotzen duen moduan. Innovamaten tresnak ematen dizkiegu irakasleei, beren zeregina bete dezaten: ikasleak ezagutza matematikoaren ikaskuntzan eta eraikuntzan gidatzea.

Baina, adibidez, ikasleek astean 4 orduz lantzen badute matematika, proposatzen dugu saioak egituratzea denbora gehiena (3 ordu) elkarrizketari, esperimentazioari eta adierazpenari eskainiz. Praktika digitalari ordu bakarra eskaintzea gomendatzen dugu, lehen eta bigarren hezkuntzaren kasuan; eta 15 minutu, haur hezkuntzarenean. Matematika ikasteko era hori sustatzen dugu, dedukziora, aurkikuntzara eta problemak ebazteko erronkara bideratzen delako:

  • Elkarrizketak ikasgelan eztabaida-giroa sortzeko aukera ematen digu, eta, horrela, estrategia eta irtenbide desberdinak aurkeztu eta aztertuko dira.
  • Esperimentazioak kontzeptu konplexuak bizipenen bidez ulertzen eta abstrakziora pasatzeko oinarriak jartzen laguntzen digu.
  • Adierazpenak, erregistro-koadernoen bidez, prozedurak lantzeko aukera ematen digu, kontzeptuak ezagutu eta geureganatu ondoren.
  • Praktika digitalak ariketak pertsonalizatzeko aukera ematen du, ikasle bakoitzaren mailara egokituz, eta ebaluazio-txosten pertsonalizatuak ematen ditu, zein puntu indartu behar diren eta gelan zeintzuk guztiz lortu diren detektatu ahal izateko.

Zergatik egiten dugu praktika digitala ikasgelan?

Innovamaten uste dugu praktika digitala ikaskuntza indibidualizatuagoa sustatzen laguntzeko beste tresna bat dela. Gure helburuetako bat da irakasleek behar dituzten tresnak izatea, ikasle bakoitzari ikaskuntza pertsonalizatua eskaini ahal izateko eta haien aurrerapena banan-banan jarraitu ahal izateko.

Horretarako, astean minutu batzuez, ikasleek auto-moldaketa aplikazioa erabiltzea proposatzen dugu, gelan ikasitako edukiak landu eta sistematizatu ahal izateko, manipulazioaren, esperimentazioaren eta adierazpenaren bidez. Ikasleak jardueran lortutako emaitzen arabera, algoritmoak ariketa batzuk edo besteak hautatzen ditu, maila automatikoki egokituz ikaslearen bilakaerari. Irakaskuntzan urteak daramatzagunok badakigu oso zaila dela ikaskuntzaren pertsonalizazio maila hori lortzea. Ikasle bakoitzaren mailako jarduera pertsonalizatuak eskaintzea oso zaila da 25 edo 30 ikasleko gela bat kudeatu behar bada, eta ezinezkoa da ikasle bakoitzak jarduerak nola egiten dituen behatzea eta horren ebidentziak biltzea. Hala, ikasle bakoitzak indartu behar dituen kontzeptuak landu ditzake, eta jada menperatzen dituenetan sakondu. Haur hezkuntzaren kasuan, praktika honek astean 15 minutu irautea proposatzen dugu. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, berriz, iraupena astean 45 minutukoa izatea gomendatzen dugu.

Gainera, praktika digitalak aukera ematen digu ikasle bakoitzaren emaitzak irakasleari zuzendutako txostenetan biltzeko. Horrela, irakasleak ikasle bakoitzaren aurrerapena ikus dezake ia etengabe, eta zein alderdi indartu behar den detekta dezake. Irakasleak garenez gero, informazio hori ezinbestekoa da gure ikasleei ezagutza matematikoak eraikitzen eta ikasten nola lagundu diezaiekegun ikusteko. Baina ez hori bakarrik, txostenek gela osoaren ikaskuntzaren bilakaeraren irudi globala izateko aukera ere ematen dute.

Aprenentatge -matemàtiques -setmana- classe- Innovamat

Irakaslea gidari

Irakaslearen rola oinarrizkoa da ikasleen trebetasunen garapenerako eta ikaskuntzarako. Irakasleek ezinbesteko gidaritza-lana egiten dute ezagutza matematikoaren eraikuntza errazteko, manipulazioaren, esperimentazioaren eta praktikaren bidez. Teknologiak ikaskuntza-esperientzia osatu eta aberastu dezake, eta irakasleari ikasgela kudeatzen lagundu. Baina inola ere ez du hartuko irakasleen lanaren lekua, hura ordezkaezina baita.

Matematika abentura zirraragarria izan daiteke. Eta, hain zuzen, irakasleak arduratzen dira ikasgai horri buruzko jakin-mina pizteaz, ikasleak matematikari konfiantzaz eta ilusioz heltzeko inspiratuz eta ahaldunduz.

  • Laura Morera

    Laura Morera naiz eta Bartzelonan jaio nintzen. Matematika ikasi nuen Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan, eta ondoren Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktikan doktoratu nintzen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Irakasle izan naiz Lehen eta Bigarren Hezkuntzan. Gaur egun, Innovamaten proposamenaren zati bat egituratzeaz gain, Bigarren Hezkuntzako Matematikako Irakasleen Unibertsitate arteko Masterreko irakaslea naiz, bai eta Irakasle Eskolakoa ere, UABko Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Gainera, eXplorium aisialdi zientifikoko eta irabazi-asmorik gabeko elkartea zuzentzen dut, eta irakasleen formakuntza jarraia egiten dut.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.