Zuregan eragina izan duen irakasle bat aukeratu beharko bazenu, nor aukeratuko zenuke, eta zergatik? Guk galdera hori egin diogu geure buruari, eta erantzunak denon artean komentatu ditugu. Eta, badakizu zer? Irakaskuntza teorikoez gain, denok bat gatoz gure irakasleen pasioa, maitasuna, pazientzia eta umorea direla ondoen gogoratzen ditugunak.
Irakaskuntza teoria baino zerbait gehiago da
Irakasleak ikasgelan duen zereginak belaunaldiak, testuliburuak eta jarduerak gainditzen ditu.
Balioez, kudeaketa emozionalaz, enpatiaz eta lidergoaz ari gara. Blog honetan hainbestetan aipatu ditugun errefortzu positiboari, hazkunde pertsonalari eta gaitasun sozioafektiboei buruz.
Ikusi bideo hau, eta konbentzitu zaitez zu zeu:
Irakaslearen Mundu Eguna
1994az geroztik, urriaren 5a oso data seinalatua da egutegian.
Irakasleen Munduko Eguna da, eta LANEren (Lanaren Nazioarteko Erakundea) eta Unescoren Irakasleen Egoerari buruzko Gomendioa (1966) onartzen dela ospatzen da. Bertan, irakasleen erregularizazioa jasotzen da, prestakuntzari, eskubideei, aitorpenei eta kontratazioari dagokienez.
Urtero Unescok gai nagusi batean oinarritutako jardunaldiak egiten ditu egun hori ospatzeko. Adibidez, hauek izan ziren aurreko urteetako gaiak: “Irakasleak hezkuntza berreskuratzeko zentroan” (2021), “Irakasleak: krisi-egoeretan lider izatea, etorkizuna berrasmatzea” (2020), eta “Irakasle gazteak, lanbidearen etorkizuna” (2019).
Aurtengo gaia, 2022koa, hau da:
Ikusi egitarau osoa hemen.
Batu festara!
Jardunaldi honetan eztabaidatuko da nola ari diren irakasleak hezkuntza eraldatzen, zer laguntza behar duten beren talentua eta bokazioa erabat hedatzeko, eta, lanbideari dagokionez, zer bide dagoen oraindik egiteke mundu mailan.
Zeuk ere parte har dezakezu edo sareko hitzaldiak jarraitu traol hauekin:
#IrakasleenMunduEguna #DiaMundialDeLosDocentes #WorldTeachersDay
Eta animatzen bazara, grabatu bideo bat gehien markatu dizun irakasleari bere lanagatik eskerrak emanez. Ez ahaztu (@innovamat_eu) aipatzea, partekatu ahal izan dezagun, eta, nork daki? Agian bere hartzailearengana iritsiko da… Eta argi dago beste irakasle batzuk animatzeko eta motibatzeko balioko duela. Beraz, egin bat gurekin eta ospa dezagun Irakaslearen Mundu Eguna!
Irakasleen nazioarteko eguna 2023
Irakasleok hamaika ikasketa-aukera sortzen ditugu egunero, eta ikasketa-aukera horiek eragin zuzena dute gainerakoen bizitzetan: gainerakoen bizitzak eraldatu, inspiratu eta moldatzen dituzte. Hori, izugarria ez ezik, ausarta eta funtsezkoa ere bada, denon artean zaindu beharrekoa.
Innovamaten irakasle askorekin gaude harremanetan: zuekin hitz egiten dugu, batera gogoeta egiten, laguntzen saiatzen gara, eta formakuntzak ere eskaintzen dizkizuegu. Zortekoak gara zuek ezagutzeko, zuei entzuteko, zuen kezkak partekatzeko eta lorpenak batera ospatzeko aukera dugulako. Horregatik, Jardunaldi didaktikoen aitzakian, gure esker ona adierazi nahi izan genizuen, eta eskutitz berezi bat irakurri genizuen talde osoaren izenean. Gaurko egunez, eskutitz hori hezkuntza-komunitate osoarekin partekatu nahi dugu. Irakaskuntzaren bidaia zoragarriaz gozatzen jarrai dezazuela.
Eskerrik asko, irakasleak! Elkarrekin, hezkuntza eraldatzeko komunitatea eraikitzen ari gara.
Haizea aldeko izan dezazuela. Irakasleen Egun ona opa dizuegu.
Irakasle maiteak:
«Azkar joan nahi baduzu, zoaz bakarrik. Urrutira iritsi nahi baduzu, zoaz norbaitekin». Hala dio errefrauak. Bada, Innovamaten hitzez hitz hartu dugu esaera zaharra. Izan ere, eszenatokiaren atzealdean, ezkutatuta, 300 pertsona baino gehiago ibili dira, eta bidaia hau haiei guztiei esker izan da posible. Baina, nora goaz? Nora iritsi nahi dugu? Guretzat, bidaia honen helmuga gaitasun matematikoa duen gizartea eraikitzea da, matematika mundua ulertzeko eta hartaz gozatzeko tresna gisa ulertzen duena. Eta mundua eraldatzeko tresna gisa, noski! Eta nork lagunduko digu horretan? Bada, zuek, irakasleok; zuek guk bezainbeste maite baitituzue matematikak.
Beraz, eskerrik asko, bihotzez, bidaia honetan gurekin bat egiteagatik. Zuen aurpegiak ikusita, zuekin elkarlanean arituta, buruz buru, bidaia askoz atseginagoa izan da.
Badakigu haizea ez dugula beti aldeko izango. Baina argi izan hau: behar duzuenean, arraunak atera, eta arraun egingo duzue. Eta guk zuekin batera egingo dugu arraun; gu ere gustura aritzen baikara arraunean! Hain zuzen, 2017an hasi ginen arraunean! Haize izpirik ez zen artean, eta guk, halere, arraun. Orduan uste osoa genuen, eta hala dugu oraindik ere: matematika-heziketa ona ezinbestekoa da mundua hobetzeko.
Horrenbestez, bidaia on, lagunok! Espero dugu datorren ikasturtean haizea aldeko izatea eta matematika zaindari izatea.