Skip to content

Ikasteko zailtasunen inguruko ikerketa

Begoña de la Iglesia psikopedagogoa eta Hezkuntza zientzietako doktorea da; ikasteko zailtasunen inguruan egiten du lan. Hezkuntza inklusiboan espezializatua da, eta Irakasleen prestakuntzako masterreko irakaslea Balear Uharteetako Unibertsitatean. Gurekin izan zen Konferentzia-zikloko lehen saioan, eta hobeto ulertzen lagundu zigun ikasteko zailtasunen inguruko ikerketa zer puntutan dagoen. Jakin nahi al duzu zein izan ziren mahai gainean jarritako gaiak? Ea ba!

Zein da hezkuntzaren ikerketaren egoera Espainian?

Badakigu orokorrean ikerketari ez zaiola duen garrantzia ematen. Hezkuntzari buruzko ikerketek, gainera, beste bi erronkari egin behar diete aurre: lehena, informazio garrantzitsua ikastetxeei helaraztea, eta bigarrena, ikerketa horien emaitzak ikasgeletako dinamiketan aplikatzea, eta irakasleek beren praktikak hobetzeko eta profesionalki garatzen jarraitzeko erabili ahal izatea.

Nola lagun diezaioke ikerketa honek ikasleei? Eta irakasleei?

Lehenik eta behin, egunetik egunera ikasgelako errealitatean sortzen diren interesak eta beharrak lantzeko apustua egin behar da. Hainbat ikastetxek idatzi digute esanez, nahiz eta irakasleek ikasleen beharretara egokitutako metodologia eta materiala erabili, ikasle batzuek ez dutela lortzen ikasi beharreko guztia ondo barneratzea. Oztopo hori askotan ez da ikasleena, testuinguruarena baizik; horregatik hasi behar dugu hezkuntza inklusiboaren inguruan hitz egiten.

Hitz egin dezagun hezkuntza inklusiboari buruz

Gure ikerketa taldean hezkuntza inklusiboaren esparruan dihardugu lanean. Zehazki, ikasteko zailtasunetan espezializatu naiz, baina beste hainbat alorretan ere lantzen da: matematikaren didaktikan, ospitaleko pedagogian, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin batera eginiko berdinen arteko behaketa eta feedbackari buruzko ikerketa-proiektutan, lankidetzako ikaskuntzan, etab. Helburu nagusia ikastetxe batera iristen den ikasle oroz arduratzea da, eta dituen hezkuntza-beharren araberako erantzuna ematea, testuingurua zeinahi dela.

Azalduko diguzu laburki zuen hezkuntza inklusiboaren proiektuko marko teorikoa?

Gure marko teorikoa mundu-mailan zenbait erreferentek eginiko lana ezagutzetik hasten da, esaterako, Booth eta Ainscow-en Index for Inclusion (“Inklusiorako aurkibidea”). Dokumentu horrek ikastetxe bat noiz den inklusiboa definitzen eta baloratzen laguntzen digu, baita jakiten ere zeintzuk diren hobetu beharreko alderdiak ikasle guztiei bidezko erantzun bat emateko. Dokumentu horretan hiru kontzeptu hauek daude:

Gainera, gure taldean laugarren printzipio bat gehitu dugu:

Zer da Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala (IDU)?

Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala hezkuntza inklusiboaren gauzatzea da. Ikasleak aurki ditzakeen edozein oztopo aurreikusten laguntzen digun ikasketa-eredu bat da. Horrela, ikasketa-jarduerak eta -egoerak diseina ditzakegu, aipatutako oztopoak agertzean eman beharreko materiala eta jarraibideak kontuan izanda. Adibidez, ikasleen arteko lankidetza susta dezakegu. Ikasleak, bere gisako norbaitek nola egiten duen lan behatuz eta jaso dezakeen feedbacka kontuan izanda, informazioa kontrasta dezake, eta ikasgelan egindako praktika hobetu.

Zer esan nahi dugu «ikasteko zailtasunak» diogunean?

Gai eztabaidagarria da, eta definitzeko zaila. Eduardo Rigo, Balear Uharteetako Unibertsitateko irakasleak, hausnarketa interesgarria egin du:

«Ikasteko zailtasunak» diogunean, hain zuzen ere zailtasun bereziak dituzten haurretan pentsatzen dugu, zailtasun bereziak baitituzte irakurtzeko, idazteko eta matematikan aritzeko, baina ez gainontzeko alorretan. Zergatik gertatzen zaien hori eta nola eman erantzun bat, hortxe dago koska.

Zer da diskalkulia?

Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders (“Nahasmendu mentalen diagnostiko eta estatistikako eskuliburua”) eskuliburuaren bosgarren edizioaren arabera, diskalkulia terminoak zailtasun-eredu bati egiten dio erreferentzia. Eredu horrek barne hartzen ditu zenbakizko informazioa prozesatzeko zailtasuna, eragiketa aritmetikoak ikasteko zailtasuna eta zuzen eta arin kalkulatzeko zailtasuna. Azken finean, zenbakizko informazioa prozesatzeko zailtasunari buruz ari gara. Askotan, diskalkulia duten ikasleak trebeak dira beste alor batzuetan, baina zenbakiak agertzen direnean arazo larriak izaten dituzte.

Nola inplementatuko ditugu baliabideak kasu espezifiko horietarako?

Erronka bat eta erantzun inklusibo bat proposatzen ditugu: ikasketa bermatzeko, zailtasunak dituen ikasleari behar dituen baliabideak eskaintzea, baina taldeko gainerakoek ere aukera izan dezatela baliabide horiei etekina ateratzeko. Hau da, arreta talde zaurgarrienean jartzea, baina baliabide eta neurri horiek talde handiarentzat moldatuz.

Nola detektatu aipatutako zailtasunak?

Identifikazio-diagnostiko bat existitzen da esparru klinikoen barruan, baina gu diagnostikoa baino lehen esku hartzen saiatzearen aldekoak gara. Urte luzez egin zituzten diagnostiko horiek, behin ikasleak eskolan porrot egin ondoren. Gure asmoa ikasleak porrot egin arte ez itxarotea da, aurrea hartzea, eta identifikatu bezain laster esku hartzea. Identifikatzeko, lehenenik eta behin ikaslea behatu behar da, zergatik kostatzen zaion ulertu, eta hobeto nola ikas dezakeen eta nola lagundu behar zaion identifikatzen hasi. Esku-hartzea gorabehera, ikasleak ez badu ikasterik lortzen, diagnostiko multiprofesional bat egiteko unea da, test estandarizatuekin eta proba espezifikoekin.

Zer da RTI?

Esku-hartzeari erantzuteko eredua (ingelesez Response To Intervention, RTI) une honetan aniztasunari erantzuteko eredu arrakastatsuena da. Hezkuntzan esku-hartzeak eraginkorragoak dira txikitan egiten badira, eta eredua hortik abiatzen da.
Hori horrela, RTIren arabera lehendabizi baheketa orokorra egin behar da errendimendu baxua detektatzeko, eta hortik aurrera, behar duten ikasleei haien premietara egokitzen den esku-hartzea eskaini. Ikasleak esku-hartze maila ezberdinetan egon daitezke, eta bakoitzak bere beharretara egokitutako erantzuna jasoko du. Hauek dira mailak:

Ikaskuntza-egoera aberatsak eskainiz hasiko gara, guztiek bere gaitasunetan oinarrituta ikasteko aukera izan dezaten. Zoru baxuko eta sabai altuko jarduerak deitzen diegunak aurkeztuko ditugu: edozein sar daiteke (zoru baxua), baina erronka bat dira baita ere harago joan daitezkeenentzat (sabai altua).
Laguntza orokor hori eduki arren ikasle batzuek oraindik ikasteko zailtasunak badituzte, bigarren esku-hartze mailari helduko diogu.

Esku-hartzearen bigarren maila honetan, talde txikitan laguntza estrategikoa ematen saiatuko gara. Ikaskuntza gehiago indibidualizatu dezakegu, haurrei aurrera egiteko behar dituzten tresnak emanez. Izan daiteke haien beharretara hobeto egokitzen diren materialak ematea, praktika-orduak luzatzea, oinarrizko kontzeptuen errefortzua, etab. Esku-hartze horiek 12-16 aste inguru irauten dute, eta erantzun egokirik ikusten ez badugu, Tier III-ra pasako gara.

Azken mailak arreta eta esku-hartze pertsonalizatuan sakontzen du. Aldagai kognitiboak, motibaziozkoak eta emozionalak ezagutzeko aukera ematen digu, zailtasunak modu indibidualizatuan konpontzen saiatzeko eta diagnostiko posible baterantz aurrera egiteko.

Ba al dugu ebidentziarik esateko RTIk edo esku-hartzeek funtzionatzen dutela?

RTI nazioartean finkatutako esparrua da. AEBtan, Herbehereetan edota Finlandian, esaterako, esku-hartze horiek lehenetsita daude hezkuntza-sisteman. Gure herrialdean ikerketa pilotu oso ona dugu, Juan Jimenezen ikerketa-taldeak La Laguna Unibertsitatean (Kanaria uharteak) egina. Gainera, Innovamaten ere antzeko ikerketa bat egiten ari gara, ARTIST izenekoa.
Dena den, aldaketa sakona lortu nahi bada, gakoa ezagutza horiek irakasleekin eta, batez ere, etorkizuneko irakasleekin partekatzea da. IDU, RTI eta ikasteko zailtasunek unibertsitateko eta irakasleen prestakuntzako irakasgaiak izan behar dute, ikasgelan modu eraginkorrean zabaldu eta inplementatu daitezen.

Mila esker, Begoña.

Author

  • Anna Llobet

    Eduki-idazlea eta komunikatzailea Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean ikasketak egiten ari zela, komunikazioak ezagutzak transmititzeko eta emozionatzeko duen garrantziaz ohartu zen. Beti izan du interes handia ikasketa matematikoaren inguruko hezkuntzan eta balioetan: «Matematika ere mundua azaltzeko hizkuntza bat da».

    View all posts

Entrades recents

  • TIMSS probaren emaitzetan, ba al dago alderik gelan Innovamaten proposamena erabiltzen duten eta ez duten ikasleen artean?

    Gure ikerketa-taldeak bi ikerketa egin ditu Mexikon eta Katalunian, Innovamat erabiltzeak eta TIMSS proban emaitza onak lortzeak loturarik baduten azt…

  • Errendimendua, motibazioa eta antsietatea matematikan. Zein da haien arteko erlazioa?

    Positiboa al da matematikako azterketa baterako ikasteagatik eta burutzeagatik estresatzea eta kezkatzea? PISA 2022ko emaitzek alarma guztiak piztu zi…

  • Matemàtiques i STEM

    Lantzen al dugu matematika STEM jardueretan?

    Hezkuntzaren munduan, STEM siglek (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) indar handia hartu dute azken urteotan. Diziplina anitzeko ikusp…

Subscriu-te al butlletí

Rep totes les nostres novetats i continguts exclusivament al teu correu.