Skip to content

Lantzen al dugu matematika STEM jardueretan?

Matemàtiques i STEM

Hezkuntzaren munduan, STEM siglek (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) indar handia hartu dute azken urteotan. Diziplina anitzeko ikuspegi horren atzean, diziplina horiek sakon ulertzeko eta proiektu eta jarduera integratuetan aplikatzeko nahia dago. Bi helburu horietara gerturatzeko, problema konplexuak ebaztera eta erantzun berritzaileak pentsatzera animatzen ditugu ikasleak. STEM kontzeptuak oso egungoa badirudi ere, aspalditik dator.

Innovamaten adituak gara matematikaren didaktikan, eta, hala, bereziki interesatzen zaigu matematikak STEM jardueretan zer-nolako papera duen. Matematikak dagokion papera izan dezan nahi dugu. Gainerako diziplinak bezain garrantzitsua da; mundua ikusteko modu bat. Eman diezaiogun merezi duen garrantzia, eta ez dezagun trata tresna huts gisa.

Baina gehiegi aurreratu gara. Lehenik eta behin, hitz egin dezagun apur bat gehiago STEM delako horri buruz.

Goazen!

Edukien taula

STEM kontzeptuaren jatorria

Egin dezagun denboran atzera. XX. mendea da eta AEBn gaude. STEM terminoa AEBko Defentsa Saileko dokumentu batean erabili zen lehenengo aldiz. Bertan, STEM hezkuntza-ikuspegia herrialde gisa lehiakorrak izaten jarraitzeko oinarritzat jotzen zen. Izan ere, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo garaian, segurtasun nazionala oso garrantzitsua zen.

STEM hezkuntzan eta STEMen alfabetatzea

Jatorri politikoa izan arren, STEM ikuspegia hezkuntzaren testuinguruan sartu zenean, kontzeptua eraldatu egin zen, baita xedea ere. Biztanleria STEMen alfabetatuz, zientziaren munduko eta, zehazki, zientziaren lan-munduko berdintasunik eza (bai etniari, bai generoari, bai egoera sozioekonomikoari dagokionez) gainditzea lortu nahi da, eta, horretarako, ikaskuntza-ingurune inklusibo eta anitza sortu nahi da.

Digna Cousoren arabera, STEMen alfabetatuta egotea zera da, «problema konplexuak aztertzeko gai izatea, erantzun irudimentsuak sortzeko, ingeniaritza, zientzia eta matematikako ezagutza eta konpetentziak aplikatuz». Horrez gain, Cousok honako ideia hau defendatzen du: teknologia ingeniaritzaren emaitza da, ez egiteko edo pentsatzeko modu berritzaile bat, ezta eduki berrien adar bat ere.

Kalitatezko alfabetatzea ez da soilik zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika irakasgaiak konbinatzea. Horrez gain, ikasleen etorkizunerako ezinbestekoak diren konpetentzia orokorrak sustatu eta baloreak txertatu behar dira. Azter ditzagun hiru alderdi hauek sakonago: hiru alorren konpetentzia espezifikoak, konpetentzia orokorragoak eta balioak.

Figures de nens

Konpetentzia espezifikoak

Bokazio zientifikoa sustatzeaz hitz egiten dugunean, ez dugu esan nahi ikasleek zientzia ikasi behar dutenik, baizik eta alor horri dagozkion konpetentziak garatu behar dituztela. Adibidez, matematikan problemak ebaztea, arrazoiketa eta proba eta bestelako prozesuak lantzen dira. Zientzian edo ingeniaritzan, ordea, beste batzuk lantzen dira, hala nola modelizatzea, argudiatzea, sortzea eta ikertzea.

STEM proiektuetan, ikasleek ikasi eta ikusitakoaren arabera erabaki behar dute noiz pentsatu behar duten zientzialari gisa, noiz ingeniari gisa eta noiz matematikari gisa. Ez dute dena batera egiten. Hori, izan ere, ezinezkoa da. Batzuetan, alor batean oso baliagarria dena ez da horren baliagarria beste batean. Diziplina bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta guk, irakasleok, erabaki hori hartzen lagundu behar diegu ikasleei.

Konpetentzia orokorrak

2017an, UNESCOren Nazioarteko Hezkuntza Bulegoak Future Skills and the Future of Curriculum txostena argitaratu zuen. Bertan, etorkizunerako zazpi konpetentzia aurkeztu zituzten etorkizuneko lanbideekin eta teknologiaren erabilerarekin lotuta. Konpetentzia horien artean, tresna eta baliabideen erabilera interaktiboa, besteekiko elkarrekintza (talde-lana, negoziaziorako gaitasuna, etab.) eta munduan eta munduarekin elkarreragina aurki ditzakegu, besteak beste. STEM proiektuek, beraz, oso testuinguru aberatsa eskaintzen dute ikasleek trebetasun horiek gara ditzaten.

Balioak

Azkenik, balioak dauzkagu. Zientziaren inguruan eztabaida moral ugari izan dira historian zehar, eta beharrezkoa da ikasleek horren jakitun izatea.

Adibide on bat Oppenheimer filma da, bonba atomikoaren sorreraren kasu errealean oinarritua. Problema konplexu baten aurrean (kasu hartan, gerra), zientzialariek, matematikariek eta ingeniariek bat egiten dute erantzun irudimentsu bat bilatzeko. Kasu hartan, bonba atomikoa. Horrela, STEM osatzen duten diziplinetako espezialista guztiek nork bere konpetentziak praktikan jarri zituzten: fisikariek teoria bat garatu zuten, matematikariek egoera modelizatu zuten eta iragarpenak egin zituzten, eta ingeniariek bonba eraiki zuten.

Zentzu horretan, ikasleen espiritu kritikoa garatzeko eta baloreetan ere hezteko aprobetxa dezakegu. Adibidez, zera galde diezaiekegu: «Seguru al gaude hainbeste pertsonari kaltea ekarriko dien tresna bat garatu nahi dugula? Ba al dago beste erantzunik problemarako?».

Mestre i nens valors

Zer-nolako papera du matematikak STEM proiektuetan?

Zientziaren munduko hainbat profesionali galdetuko bagenie, «Zer da matematika zuretzat?», askok zera erantzungo lukete: «Tresna bat». Zoritxarrez, STEM munduan matematikari ez zaio beti ingeniaritzak edo zientziak izan duen garrantzia eman. Eta egia da matematikak une askotan laguntzen digula, baina tresna hutsa baino askoz gehiago da. Xede bat dira, eta mundu liluragarria, maite ditugunontzat. Egiteko eta bizitzeko modu bat dira, eta gizakiaren kultur ondarea finkatzen lagundu dute, beti eta toki guztietan. Ideia utilitarista hori apurtzeko, beharrezkoa da matematika ardatz duen ikuspegi bat zabaltzea.

Eta horra zabaltzen zaigun galdera mordoa STEM bidez matematika lantzeari buruz: egin al ditzakegu STEM jarduerak arreta matematikan jarriz? Eraiki al daiteke matematika-ezagutza matematika zientziarekin lotuz?

Innovamaten, STEM jarduera batzuk proposatzen ditugu, ezagutza eta prozesu matematikoen garapena sustatzen dutela uste dugulako.

Esate baterako, DBH 2ren kasuan, estatistikako proiektu bat prestatu dugu, paperezko hegazkinen testuinguruan. Estatistikako kontzeptuak eta zenbait erdiratze- eta dispertsio-parametro erabiltzen ditugu hegazkinen jaurtiketen datuak aztertzeko baldintza ezberdinetan, eta, horrela, paperezko hegazkinen lehiaketarako gehien komeni zaigun hegazkina aukeratzeko. Proba ezazu zure ikasleekin eta ea zer iruditzen zaizun!

Era berean, DBH 1eko «Arrautza ala gaztaina?» saioa probatzea gomendatzen dizugu. Bertan, geometriako kontzeptuak eraikitzen ditugu lehenbizi, gero arrautza-oskolen formak aztertzeko. Zientzia-artikulu batean eta manipulaziozko eraikuntzetan oinarrituz, zirkuluak, elipseak eta obaloak deskubritzen ditugu, baita iraultza-gainazalak ere.

Matematika oso baliagarria da zuzenean tresna gisa erabiliz gero, baina, horretaz harago, STEM proiektu bakoitzaren atzean dauden prozesuen ulermena ere sustatzen du. Diziplina honi arreta berezia eskainiz gero, ikasleek errazago identifikatu eta erabiliko dituzte ikasten ari diren prozesu matematikoak, eta, hala, trebetasun horiek sakonago ulertzeko eta hobeto aplikatzeko gai izango dira. Eman diezaiogun matematikari dagokion papera!

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.