Aurten ere elkarrekin egin dugu lan eta kalitatezko proposamen bat eskaini dizuegu. Zuen kezkek, feedbackek eta ideiek etengabe ikasteko eta materialak hobetzeko aukera ematen digute.
Horregatik, ikasturte honetan, hezkuntza-lege berria sartzearekin batera, Haur Hezkuntzako proposamena berrikuntzekin dator. Baina ez kezkatu: sinplifikatu egin dugu. Ikusiko duzue planteatu dugunetik asko jada horrela egiten zenutela, baina orain errazagoa izango zaizue proposamena erabiltzea. Berrikuntzak ezagutu nahi? Has gaitezen!
Nondik gatoz?
Dakizuenez, Haur Hezkuntzako proposamenak orain arte lau dinamika zituen:
1. Tailerrak: ezagutza talde handian eraikitzen genuen irakasleak dinamizatutako elkarrizketen bidez.
2. Txokoak eta App-a: ikaskuntza guztiak praktikan jartzen genituen.
3. Zirikaldiak: agertoki iradokitzaileen bidez, ezagutza matematikoa beste arlo batzuekin lotzen genuen, hala nola artearekin, arkitekturarekin eta zientziekin, bakoitzak bere erritmoan.
4. Errutinak: ezagutza matematikoa eguneroko bizitzarekin lotzen genuen.
Dinamika bakoitza bere aldetik zihoan, baina elkarri lotuta ere bazeuden, eta proposamen konplexua osatzen zuten; batzuetan apur bat gehiegitxo zen. Horregatik, dinamika batzuei bueltak eman eta sinplifikatu egin ditugu.
Berrikuntzak!
2022-2023 ikasturterako proposamenean bi dinamika baino ez dituzue aurkituko: Tailerrak eta Espazioak.
Tailerrak
Tailerrak ezagutzen zenituzten bezalakoak dira: talde handian ezagutza eraikitzeko jarduerak izaten jarraituko dute, eta irakaslea izango da klasea gidatu eta hiztegi espezifikoa sartuko duena, eduki-blokeak landuz.
Espazioak
Espazioak ikasitako ezagutzak praktikatzeko proposamenak dira, eta hori haurrek ikasgelan izan ohi dituzuen jolasteko eta deskubritzeko espazioen bidez egingo dute: artea, jolas sinbolikoa, eraikuntzak, etab. Gidetan (orain ezberdinak dira ikasturte bakoitzerako) Espazio hauetan berez sortzen diren prozesu eta ezagutza matematikoak ikusiko dituzue. Aberastasun guztia ateratzeko egin beharreko galdera aberatsak eta zer material erabil ditzakezuen ere aurkituko duzue bertan.
Diziplinarteko eta zeharkako sei jokaleku edo eszenatoki proposatzen dizkizuegu, hurrenez hurren, arteari, eraikuntzari, esperimentazioari, mahai-jokoei, manipulatzeko materialari eta jolas sinbolikoari buruzkoak, praktika digitalaren app-az gain. Aurreko ikasturteko proposamena gogoratzen duzuenok, ikusiko duzue ideia horietako asko Txokoetan eta Zirikaldietan oinarritzen direla.
Eta non dago hori guztia Ikasgela-kudeatzailean? Gida digitalak goitik behera berregin ditugula ikusiko duzue: orain irakurtzeko atseginagoak dira, eta materialaren eta haurren ekoizpenen irudi gehiago dituzte, benetako adibideak izan ditzazuen.
Ikasgelako bizitza
Azkenik, proposamenak “Ikasgelako bizitza” deritzogun baliabide sorta (dantzak, abestiak, ipuinak, etab.) ere barne hartzen du, egunero bizitza ikuspegi matematikotik landu ahal izan dezazuen.
Hauxe izan da aurtengo berrikuntzen laburpena. Beti bezala, badakizue zalantzarik izanez gero, gurekin hitz egin dezakezuela: aholkulariaren bidez, ahalik eta modurik onenean lagunduko dizuegu berrikuntzak integratzen.