Skip to content

Matematikaren ikaskuntza sustatzeko 5 galdera eta erantzun!

Beharrezkoa da biderkatzeko taulak buruz jakitea? Matematikan ahalegina sustatu behar da? Praktikatzea garrantzitsua da?

Askotan egiten dizkiguzue halako galderak, eta eta ez genuen galderok jolas bihurtzeko aukera galdu nahi.

Animatzen al zara?

1/5 Oinarrizko eragiketak egiteko modua aldatu egin al da?

Eragiketak modu berean egiten ditugu. Eragiketak ikasteko modua da aldatzen dena.

Ikasleek eragiketak arintasunez ebazteko eta emaitza egokira eraginkortasunez iristeko, sakon ulertu behar dute zertan ari diren eta egiten ari direnak zergatik funtzionatzen duen.

Hainbat estrategia aurkezten dira oinarrizko eragiketak (batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa) eraikitzeko. Estrategiak ondo menderatzen badira, ulermena areagotzen da, eta ikasleak malguagoak dira kalkuluak egiterakoan.

Estrategia horietako bakoitzak ikaskuntza-prozesu bat du atzean, eta ulermena maximizatzeko diseinatuta dago. Estrategia zehatzenetik hasiko gara, manipulatzeko materiala erabiliz, eta, pixkanaka-pixkanaka, estrategiarik abstraktuenera iritsiko gara, non erabiliko ditugun adierazpenak eraginkorragoa eta trinkoagoak izango diren.

📚Erreferentziak
  • Van Den Heuvel-Panhuizen, M. (2008). Children Learn Mathematics: A Learning-Teaching Trajectory with Intermediate Attainment Targets for Calculation with Whole Numbers in Primary School. Dutch Design in Mathematics Education, Vol. 1. Utrecht: Freudenthal Institute, Sense Publishers.
  • Kilpatrick, J., Swafford, J., Findell, B., & National Research Council (U.S.), Mathematics Learning Study Committee. (2001). Adding it up: Helping children learn mathematics. National Academy Press.

2/5 Garrantzitsua al da praktikatzea?

Praktikatzea ezinbestekoa da ezagutzak finkatzeko eta arintasuna lortzeko. Horregatik, garrantzitsua da errepikapen-praktikari denbora eskaintzea. Praktika mota horren bidez, kontzeptuak behin eta berriz errepikatzen dira, prozedura zehatz bat menderatu arte. Ekoizpen-praktika ere oso garrantzitsua da, praktikaren aitzakiarekin prozesu matematikoak lantzen direlako, hala nola problemen ebazpena. Gainera, praktikatzeko teknologia erabiltzea oso baliagarria da, ikaskuntza indibidualizatzeko aukera ematen duelako, feedbacka berehala ematen duelako eta ikasle bakoitzaren aurrerapenari buruzko txosten zehatzak sortzen dituelako. Horri esker, irakasleak ikasle bakoitzaren beharretara errazago egokitu daitezke.
practica-productiva-1
📚Erreferentziak
  • Spangler, D. A., & Wanko, J. J. (2017). Enhancing Classroom Practice with Research Behind Principles to Actions. NCTM.
  • Pettersson, F. (2017). On the issues of digital competence in educational contexts – a review of literature. Education and Information Technologies, 23(3), 1005–1021. https://doi.org/10.1007/s10639-017-9649-3 

3/5 Biderkatzeko taulak buruz ikasi behar al dira?

Taulak automatizatzea ezinbestekoa da beranduago ikusiko diren kontzeptuetan ikaskuntza esanguratsuak lortzeko, hala nola zatiketetan edo berreketetan.

Biderkatzeko taulak eraiki ondoren, praktikatu egin behar dira, ikasleek emaitzak automatizatu eta estrategiak gara ditzaten. Horrela, oraindik buruz ez dakizkiten emaitzak azkar ondorioztatuko dituzte.

Ikasleek ez badakizkite taulak buruz, karga kognitiboa areagotzen da problema aurreratuetan: ahalegin gehiago egin behar dute oinarrizko kalkuluak egiteko, eta alderdi konplexuagoetan kontzentratzeko duten gaitasuna murriztu egiten da.

📚Erreferentziak
  • Bay-Williams, J. M., & SanGiovanni, J. J. (2022). Accessing Fluency through Routine and Opportunity. NCTM Annual Meeting 2022. Los Angeles.

  • Vilalta, A., Calvo, C., & Correig, E. (2023). Automatizar las tablas de multiplicar: un propósito que va más allá de 3.º EP. UNO: Revista de Didáctica de las Matemáticas, 99, 61-67.

  • Sweller, J. (1988). Cognitive load during problem solving: Effects on learning. Cognitive Science, 12(2), 257-285.

4/5 Ahaleginik eskatzen ez duen matematika planteatu behar al da?

Matematika ikasteko ahalegina ez da saihestu behar; aitzitik, ikasteko aprobetxatu behar da. Ahalegin emankorraz ari gara (productive struggle ingelesez): zuzenean erantzun zuzena bilatu beharrean, pentsamenduaren iraunkortasuna eta malgutasuna garatzean datza.

Irakasleok erronka egokiak planteatuz, erantzun zuzenak ez emanez eta ikasleen motibazioa eta autonomia sustatuz egokitzen dugu ahalegin hori.

Hazteko pentsamoldea izatea beharrezkoa da, besteak beste, akatsak ikaskuntza-prozesuan aurrera egiteko aukera gisa ikusteko, erresilientzia garatzeko eta motibazioa mantentzeko.

📚Erreferentziak
  • Boaler, J. (2016). Mathematical Mindsets: Unleashing Students’ Potential through Creative Math, Inspiring Messages, and Innovative Teaching. Jossey-Bass.
  • Dweck, C. S. (2006). Mindset: The New Psychology of Success. Random House.

5/5 Irakasleok zeregin garrantzitsua al dugu honetan guztian?

Baliabide edo material batek, oso ondo diseinatuta egon arren, ezin du arrakastarik izan irakasleen ardurarik eta esperientziarik gabe.

Ez dago formula magikorik: zuen konpromisoa, etengabeko formakuntza eta ikasleen gaitasunarekiko konfiantza dira ikasleen ikaskuntzan benetan eragiten dutenak.

Horregatik, gida didaktikoak eta formakuntzak tresna baliotsuak dira, eta profesional gisa hazten jarraitzeko eta ikasleei ahalik eta esperientzia onena eskaintzeko balia ditzakezue.

📚Erreferentziak
  • Shulman, L. S. (1987). Knowledge and teaching: Foundations of the new reform. Harvard Educational Review, 57(1), 1-22.

  • Darling-Hammond, L. (2000). Teacher quality and student achievement: A review of state policy evidence. Education Policy Analysis Archives, 8(1), 1-44.

Jakin-mina piztu badizue, gure Liburu zuria irakurtzera animatzen zaituztegu, bertan sakon aztertu baititugu aipatutako gaiak eta beste batzuk. Hemen gaude zuei laguntzeko! Elkarrekin lan eginez, ikasleen ikaskuntza matematikoa bultzatuko dugu. Laster arte!

Author

  • Laura Morera Matematikan lizentziaduna da Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan (UPC), eta Matematikaren eta Zientzia Esperimentalen Didaktikan doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB). Gaur egun, irakasle dihardu Kataluniako Unibertsitate Irekian (UOC), eta Innovamaten kolaboratzaile ere bada. Laurak 17 urtetik gorako ibilbidea dauka irakasle gisa, hala Lehen Hezkuntzan nola Bigarren Hezkuntzan eta unibertsitatean. Horrez gain, irakasleentzako formakuntza-saioak ere eskaintzen ditu.

    View all posts

Entrades recents

  • Nola susta dezakegu arintasuna matematikako ikasgelan?

    Badakigu matematika eragiketak egitea baino askoz gehiago dela, baina ezin dugu ahaztu eragiketak oinarri-oinarrizkoak direla matematikan. Beraz, zer…

  • Noiz eta nola sartzen dira haurrak zenbakien munduan?

    Maria Antònia Canalsek zioen ia ezinezkoa dela esatea noiz sartzen diren haurrak zenbakien munduan. Hala ere, haurtxoekin egindako ikerketari esker (A…

  • Matematikaren ikaskuntza sustatzeko 5 galdera eta erantzun!

    Beharrezkoa da biderkatzeko taulak buruz jakitea? Matematikan ahalegina sustatu behar da? Praktikatzea garrantzitsua da? Askotan egiten dizkiguzue hal…

Subscriu-te al butlletí

Rep totes les nostres novetats i continguts exclusivament al teu correu.