Maria Antònia Canalsek zioen ia ezinezkoa dela esatea noiz sartzen diren haurrak zenbakien munduan. Hala ere, haurtxoekin egindako ikerketari esker (Antell eta Keating; Starkey eta Cooper), gaur egun badakigu haurtxoak kopuru batzuk “begiz” ezagutzeko eta balioesteko gaitasunarekin jaiotzen direla, hau da, zenbatzeko beharrik gabe. Errekonozitzeko eta zenbatesteko gaitasuna oso eraginkorra da kopuru txikien kasuan, batez ere, objektu bat edo bi bakarrik dauzkagunean. Kopuruak gora egin ahala, ordea, ez da hain eraginkorra. Dena den, horrek adierazten digu prest gaudela biologikoki arreta errealitatearen alderdi kuantitatiboetan jartzeko. Badakigu, halaber, zenbakiaren kontzeptua eraikitzeko prozesuak esperientzia eta denbora asko eskatzen dituela; Dickson, Brown eta Gibsonen arabera, bost urte inguru: bi urtetik zazpi urtera.
Beraz, kopuruari inguruko lehen esperientziak gure gorputzari lotuta daude: ni bat naiz, eta buru bat eta sabel bat ditut, baina baita bi begi, bi esku, bi hanka… ere. Bat eta bi kontzeptuak intuitiboki eraikitzen dira, eta haurrek beren kabuz ikasi ohi dituzte. Horregatik, eskolara joaten direnean, haur gehienak gai dira kopuru horiek antzemateko eta bereizteko. Ondorioz, haurrak objektuak modu objektiboan hartzen hasten dira; hau da, objektuak ez direla gorputzaren parte hautematen dute, eta haien artean loturak ezartzen hasten dira. Denbora luze samarra igaroko da (askotan urtebete inguru) hiru nozioa barneratzen duten arte, hau da, hiru gauza zer diren ulertzen duten arte. Oso normala da, zenbaki hori eta hurrengoak haurraren gorputzetik kanpo daudelako (Canals).
Badakigu, halaber, adin horietan (bi, hiru, lau, bost urte) haurrek nagusiki pertzepzioaren bidez eraikitzen dutela ezagutza (Piaget eta Inhelder). Modu naturalean, haurrak objektuen ezaugarrietan jartzen du arreta kopuruan baino lehen: kolorean, forman, tamainan… Horrek zentzua du objektu multzo batean objektu gorriak eta gorriak ez direnak bereizi behar badituzte, edo objektu bakoitzean agertzen den edo agertzen ez den ezaugarri zehatz batean arreta jarri behar badute. Kopuruan zentratzeko, berriz, multzoko objektu guztien artean erlazio bat ezarri behar dute. Gorrien multzoa egiten badut, objektu bakoitza gorria da. Lau piezako multzo bat egiten badut, arreta jartzen dudan ezaugarria ez dago objektu bakoitzaren baitan. Lau pieza daudela ondorioztatzeko, beharrezkoa da objektu horien guztien arteko erlazio mentala ezartzea (Kamii) , eta horrek abstrakzio erreflexiboa eskatzen du, pertzepzio-abstrakzioa baino konplexuagoa dena.
Beraz, azter dezagun zer gertatzen den haurra jaiotzen denetik eskolan hasten den lehen urtera arte (HH 3). Arreta kopurura bideratzea ahalbidetzen diguten gaitasun biologiko jakin batzuekin jaiotzen gara. Esperientzia eta bat eta bi kopuruak gainontzekoengandik bereiztea norberarengandik sortzen dira. Adin horretan haurra pertzepzio-aldi batean murgilduta dago, ezagutza nagusiki zentzumenen bidez eraikitzen baita: ikusmena, ukimena, entzumena, usaimena, dastamena. Hiru, lau eta hurrengo zenbakiak antzemateko behar den abstrakzio erreflexiboa eta pertzepziozko nolakotasunak antzemateko behar den abstrakzioa ez dira berdinak, zenbakia (kantitatea) ez baita objektu bakoitzaren propietate bat, objektu-multzoarena baizik.
Horregatik guztiagatik, eskolan alderdi kuantitatiboetan arreta jartzen laguntzen diegu. 1) egoera errealak erabiliko ditugu ahal dugun guztietan, baina 2) egoera didaktikoak ere sortuko ditugu: baliabide ludiko, literario, motor, musikal eta abarretatik abiatuta, testuinguru bat sortuko dugu kopuru berriak ezagutu, sortu, eztabaidatu eta adierazi edo irudikatzeko. Era berean, 3) zeregin txiki eta nahiko autonomoak egingo ditugu, ikasleek zenbakiak identifikatzen eta ordenatzen dituzten ikurrak eta hitzak ondo barnera ditzaten, eta, pixkanaka-pixkanaka, eraikitzen ari diren kopuruen nozioa finkatzen joan daitezen. Hau da, eskolan, pertzepzioaz gain, arrazoia eta gizarte-ezagutza erabiltzen laguntzen diegu, lehen zenbakiak ezagutzeko eta eraikitzeko.
Zer egin dezakegu eskolan ikasten laguntzeko?
1. Lehenik eta behin, arreta alderdi kuantitatiboan (multzo bateko elementuen kopuruan) jartzea zentzua duten egoerak sor ditzakegu, baina oraindik zenbakiak izendatzen dituzten hitzak erabili gabe. Ez dugu esango bi, bost edo zortzi objektu dauden, baizik eta kuantifikatzaileak erabiliko ditugu, hau da, kantitate ez zehatzei erreferentzia egiten dieten hitz edo esamoldeak: asko, gutxi, denak, bat ere ez, batzuk, bakoitzarentzat bat, baino gehiago, baino gutxiago, bezainbeste, sobera daude…
Egunerokoan askotan sortzen zaizkigu termino horiek erabil ditzakegun egoerak. Adibidez: mahai bakoitzean, bakoitzarentzat pieza bat al dago? Nahikoa aulki al daude ikasle guztientzat? Non daude ikasle gehiago, txoko honetan ala beste honetan? Halako egoeretan, gehienetan, multzo bateko eta besteko objektuen artean korrespondentziak ezartzen dira, eta, azkenean, bi multzoak alderatu eta ondorio kuantitatibo garrantzitsuak ateratzen dira. Esaterako: mahaiko ikasle bakoitzarentzat pieza bat al dago? «Ez dago ikasle bakoitzarentzat pieza bat. Piezak baino haur gehiago daude. Piezak falta dira… bezainbeste egoteko». Beraz, oso baliabide ona da kuantifikatzaileak erabiltzea eta arreta kantitateetan jartzea zentzuzkoa den egoerez baliatzea.
Zer daude gehiago: uztaiak, pertsonak edo biak berdin? Bakoitzarentzat uztai bat al dago? Zer gertatu da? Uztairik geratu al da sobera? Falta dira?
Aurrerago, zenbaketaren funtzionalitatea deskubritzen dutenean, egoera bat zenbatuz eta konparatuz ebatzi ahal izango dute. Hala eta guztiz ere, Kamiik esan bezala, ezin diegu ikasleei zenbatzea inposatu: zenbaketa egoera erreal bat ebazteko tresna gisa deskubritu behar dute. Multzoak alderatzeko nahi duten baliabidea erabiltzen utzi behar diegu, eta ez ditugu zenbatzera behartuko oraindik prest ez badaude. Gauza bat mekanikoki zenbatzen jakitea da, eta bestea, galdera bati erantzun nahi diodanean mekanikoki zenbatzea aukeratzea.
Lehen blokean, eguneroko proposamenak ere garrantzitsuak dira: egutegia, “Zenbat haur falta dira gaur?” dinamika, eguraldia, gaur zer egingo dugun galdetzea… Hala ere, adin horretan gehiago zentratzen gara tresna kultural horien erabileran eta esanahian (Rogoff), eta ez hainbeste zenbakizko egoera modu autonomoan ebazteko gaitasunean (hori aurrerago egingo dugu).
2. Adin horietan, eta Haur Hezkuntzako bigarren ziklo osoan zehar, ipuinak, abestiak, dantzak eta lehen zenbakiak eta kopuruak agertzen diren baliabideak erabiliko ditugu zenbakiak ezagutu, esploratu eta barneratzeko.
Adibidez: elefanteen abestia, Marikixkur eta hiru hartzak ipuinaren aldaera edo 4 kriktarrak dantza. Testuinguru horietan, ikasleek elefante edo hartz bihurtzeko eta kopuru jakin batekin multzoak egiteko aukera izango dute (piezak ere erabil ditzakete). Gainera, bizitakoa irudikatzen hasiko dira, eta, askotan, lantzen ari garen kopuruak agertuko dira.
Launaka jarriko gara dantzatzeko. Zutik jarri eta binaka mugituko gara, bai dantzatzean, bai dantza materialarekin irudikatzean. Amaitzeko, eginikoa orri zurian irudikatuko dugu.
3. Bi baliabide bloke horiek ikasle bakoitzak zenbakiaren kontzeptua eraikitzean ardazten dira. Horiez gain, gure gizarteak zenbakiak izendatzeko eta adierazteko aukeratu dituen jakintza kulturalak ere sartuko ditugu, hau da: zenbaki bakoitza identifikatzen duten hitzak eta ikurrak.
Horrela, zifradun kartekin jolastuko gara, zenbakien hurrenkera ikasteko abestiak kantatuko ditugu, ordenatutako zenbakien eskailera batean gora eta behera ibiliko gara, ikasten ari garen zenbakien zenbakizko ikurrak idazten hasiko gara (grafismoa), ematen diguten zifratik abiatuta kopuruak eraikiko ditugu… Azken atal horretan joko labur batzuk ere sartuko ditugu, hala nola paketeak egitea edo hatzekin beste jolas batzuetan jolastea.
Zenbaki bakoitzak adierazten digun adina pintza jarriko ditugu. Kriktarren etxera iristeko, dadoan ateratako zenbakia adina pieza jarriko ditugu.
Memory jokoan jolastuko gara: zenbaki bera adierazten duten kartak elkartuko ditugu. Zifra eta kopurua, kopuru bera modu desberdinetan irudikatuta, bi ikur berdin… elkartuko ditugu.
Proposamen horietan guztietan, ikasleek manipulazio-jarduera ugari egingo dituzte, bai eguneroko egoeretatik abiatuta, bai jolas-baliabideetatik edo proposamen autonomoagoetatik abiatuta. Jardueron abiapuntua erronka bat edo galdera bat izango da, eta ikasleek aldi berean jarduera fisiko eta kognitibo bat egin beharko dituzte. Badakigu (Piaget) ekintza bat barneratzeak pentsamendua egituratzea dakarrela, eta kasu horretan lehen zenbakiak eraikitzen dira.
Mequè Edo
Erreferentziak
Antell, S. E., Keating, D. P. (1983). Perception of numerical invariance in neonates. Child Development, 54(3), 695–701.
Canals, M. A. (1989). Per una didàctica de la matemàtica a l’escola, I. Parvulari. Eumo editorial.
Dickson, L., Brown, M., Gibson, O. (1991). El aprendizaje de las matemáticas. Labor.
Kamii, C. (1984). El número en la educación preescolar. Visor
Piaget, J., Inhelder, B. (1977). Psicología del niño. Ediciones Morata
Piaget, J. (1972). Ou va l’education? Denoël.
Rogoff, B. (1993). Aprendices del pensamiento. El desarrollo cognitivo en el contexto social. Paidós.
Starkey, P., Cooper, RG. Jr. (1980). Perception of numbers by human infants. Science, 210(4473), 1033-1035.