Ondo merezitako oporren ondoren, ikasturte berriari ekiteko ordua da!
Irakasleok badakigu lehen eskola-egunak ezin garrantzitsuagoak direla ikasgelan hasiera-hasieratik giro ona egon dadin: errutinak garatzen hasten gara, ohiturak hartzen, ikasleen eta irakaslearen arteko harremanak eraikitzen, ikasturtean zehar egingo diren dinamikak ezagutzen, etab. Ikasturtea motibazioz eta ilusioz hasten badugu, errazagoa izango da ikasturte osoan zehar horri guztiari eustea!
Eta hori matematika-saioetan ere aplika daiteke. Dakigun moduan, lehen egunak aukera paregabea dira energia hartzeko, non gauden identifikatzeko, izotza hausteko dinamikak egiteko eta ikasgelan elkarrizketa eta parte-hartzea sustatzeko.
Halako uneei merezi duten garrantzia emateko asmoz, ikasgelan izotza hausteko dinamika dibertigarri batzuk proposatu nahi dizkizuegu (matematikoak, eta gehiago!). Espero dugu irudimena askatzea eta ikasleekin batera primeran pasatzea!
Proposatzen dizuegun lehen dinamika taldean egiteko da. Bertan, denek irabazten dute, edo denek galtzen dute.
Jokalari guztiek begiak itxi behar dituzte, eta, banan-banan (ezer planifikatu gabe ez batak besteari ordena esan gabe), ikasgelako ikasle kopurura arte zenbatu behar dute. Adibidez, 25 ikasle badira, 25 arte zenbatu beharko dute.
Jokalari bakoitzak zenbaki bakarra esan dezake, hau da, ikasle batek 8 esan badu, besteak ezingo du 18 esan. Denek parte hartu behar dute. Jolasaren zailtasuna da bi pertsonak ezin dutela zenbaki bera aldi berean esan, eta, esaten badute, berriro hasi behar dela. Azken zenbakira iristen direnean, jolasa irabazi izango dute.
Beste aukera bat dinamika talde txikitan egitea da, errazagoa izan dadin. Izan ere, zenbatzeko tartea txikiagoa izango denez, ikasleak lehenago iritsiko dira azken zenbakira. Behar izanez gero, dinamika begiak irekita ere egin dezakegu, eta ikasleei begiekin komunikatzen utzi.
Aldiz, dinamika zailagoa izan dadin, banan-banan aurreraka zenbatu beharrean, atzeraka zenba dezakegu, edo binaka, bosnaka, etab.
Ikusten duzuenez, jolas kooperatiboa da; jokalari guztiek helburu bera dute. Dinamika honi esker, entzunezko zenbaketa praktikatzeaz gain, alderdi sozioafektiboak ere lantzen ditugu, hala nola nork bere burua entzuten jakitea eta pazientzia izatea.
Dinamika honetan, ikasleak arkitekto eta ikertzaile bihurtuko dira, eta “Espazioa eta forma” blokeko edukiak praktikan jarriko dituzte; besteak beste, orientazioa, posizioaren inguruko lexikoa eta distantziak neurtzea.
Binaka jartzeko eskatuko diegu ikasleei. Jarraian, bikote bakoitzeko kide batek objektu bat aukeratu beharko du, eta ikasgelako lekuren batean ezkutatu. Ezkutalekuak agerian gera ez daitezen, objektuak txandaka ezkuta ditzakegu.
Objektua ezkutatu duen ikasleari ikasgelaren planoa marrazteko eskatuko diogu. Ikasleak aurrez gero eta ezagutza handiagoa izan (neurriak eskalan, objektuen goitiko bista, objektuen arteko proportzio egokiak, etab.), orduan eta zorrotzagoak izango gara planoaren marrazkiarekin. Nahi izanez gero, era honetako galderak egin ditzakegu: «Zer azalera du gelak?», «Zer azalera hartzen dute mahaiek?».
Planoa egin ondoren, objektua ezkutatu duen bikotekide bakoitzari zera eskatuko diogu, bere kideak objektua aurkitzeko egin behar duen bide zehatza marrazteko. Azkenik, mapako bidea jarraitzeko eta objektua aurkitzeko erronka botako diogu kideari. Denek objektuak aurkitzen dituztenean, bikoteei berriro jolastea proposatuko diegu, baina oraingoan rolak trukatuz.
Dinamika horren konplexua izan ez dadin, argibideak prestatzen dituen bikotekideak bere kideari bidea egiten laguntzea proposa dezakegu.
Aldiz, are zailagoa izan dadin (eta, bide batez, programazioarekin lotutako alderdiak lantzeko), bidea marraztu beharrean, ikonoak erabil ditzakegu argibideak emateko. Kodeak deszifratzeko erabiliko ditugun ikonoak denok batera finka ditzakegu (adibidez, → ← ⇅ ↰ ↱, edo errepikapen-begiztatako konbinazioak, hala nola ×3 →).
Dinamika hau askotan egin dugu Zenbakien laborategiko eta Abenturetako saioetan. Helburua da hautematea eta argudiatzea, hiru baieztapenetatik, zein ez den egia eta zergatik.
Hona hemen proposameneko gidetan agertzen diren pare bat adibide:
Jarduera hau ikasturte hasierara egokitzeko, beren buruari buruzko hiru esaldi idaztea proposatuko diegu ikasleei: bi egia, eta bat gezurra. Gela osoarekin parteka ditzakete, edo jarduera taldeka egin dezakete. Helburua da gainerakoek gezurra zein den asmatzea.
Dinamika hau oso lagungarria izango zaigu elkar hobeto ezagutzeko, izotza modu irudimentsuan hausteko eta, aldi berean, Innovamaten maiz egiten dugun jarduera mota bat aurkezteko.
Nahi izanez gero, ukitu matematikoa eman diezaiokegu era honetako baldintzak gehituz: «Esaldi batean 1 zenbakia erabili behar da, beste batean 2a, eta beste batean 3a». Ikasleek dinamika sobera ezagutzen dutenean, esaldi matematikoak egitea proposa dezakegu, adibideetakoak bezalakoak.
Ikasturte hasiera, halaber, une bikaina da hausnartzeko eta helburuak finkatzeko. Aurrean ditugun erronkak ezagutzen baditugu eta helburuak finkatzen baditugu, askoz gehiago konektatuko dugu ikasketa-prozesuarekin. Horregatik, beste bi dinamika proposatu nahi dizkizuegu, hausnarketa egitekoak eta emozionalagoak.
Hau ez da eduki matematikoa lantzeko dinamika bat. Aldiz, nork bere buruarekiko kontzientzia eta erronka pertsonalak lantzea da xedea.
Bakoitzak nahi duen erronka paper batean idaztea proposatuko dugu, kasu honetan matematika-saioei begira. Adibidez, honela idatz dezakegu: «Ikasturte honetan, matematikan…». Ikasle guztiek nork bere helburua idatzi dutenean, kutxa batean jarriko ditugu denak batera izateko. Azkenik, eta aukeran, azal dezakegu ikasturte amaieran bakoitzak bere papera irekiko duela idatzitakoa ikusteko eta horren inguruan hausnartzeko.
Azkenik, beste noizbait gomendatu izan dizuegun dinamika bat proposatu nahi dizuegu. Izan ere, alderdi asko biltzen ditu: emakume matematikariei eskutitza idaztea.
Dinamika hau matematikarekiko grina sutsua duten bi irakaslek diseinatu zuten, Sarah Strongek eta Gigi Butterfieldek. Bertan, ikasturte hasieran ikasleek eskutitza idatzi behar diote emakume matematikari bati, eta, ikasturte amaieran, eskutitza berreskuratu eta irakurri behar dute. Helburua da ikasleek matematikari buruz duten ikuspegia nola aldatu den ikustea. Jarduera honekin, ikasleak beren buruari eta matematikari buruz pentsatzera, hausnartzera eta kritikoak izatera gonbidatzen ditugu. Oso dinamika anitza da, ikasleei aukera ematen baitie beren beldurrak adierazteko, baina baita beren asmoak adierazteko ere.
Espero dugu dinamika hauek guztiak lagungarriak izango zaizkizuela ikasturteari hasiera biribila emateko. Zorte on eta gozatu ikasturte berriaz eta matematikaz!