Skip to content

Zenbakien lerroa Lehen Hezkuntzan. Zer da, eta nola erabiltzen dugu?

Linea numérica innovamat familias

Lehen Hezkuntzan oso sakon lantzen dugun lehen tresnetako bat zenbakien lerroa da. Matematika ikasteko, ezinbestekoa da ikasleek zenbakizko zentzua deritzoguna barneratzea, hau da, zenbakiak eta zenbakien erabilera ondo ulertzea: zer den kopurua, ordena, eragiketak… Zentzu horretan eta eraikiko ditugun beste batzuetan oinarrituz, pixkanaka-pixkanaka gero eta eduki matematiko gehiago barneratuko dituzte.

Artikulu honetan zenbakien lerroa zer den eta matematikako saioetan nola erabiltzen dugun ikusiko dugu. Zenbakien lerroa urtetik urtera maila askotan erabiliko dugu, eta beste eduki batzuk ulertzen lagunduko digu. Ikus dezagun zergatik.

Zer da zenbakien lerroa?

Del collaret de boles a la línia numèrica buida

Zenbakien lerroa ez du Innovamatek asmatu. Matematikan, hainbat testuingurutan zenbakien lerroa erabiltzen dugu zenbaki errealen multzoa modu ordenatuan adierazteko.

Adibidez, grafiko bateko koordenatu-ardatzak bi zenbakien lerro perpendikular dira.

Nola erabiltzen da zenbakien lerroa?

Lehen Hezkuntzako lehen zikloan dagoen ikasle batek askotan zailtasunak izaten ditu pentsatzen duena ahoz azaltzeko, eta zenbakiak aurkezteko edozein baliabide lagungarri izango zaio hitz egiteko. Bestalde, irakasleak errazago ulertuko ditu haren arrazoiketak, eta hobeto gidatuko du ikaslea.

Hori dela eta, hainbat eratako manipulatzeko materiala eskaintzen diegu ikasleei, besteak beste, boladun lepokoa. Boladun lepokoa erabiltzen dugu hasieran eta, apur bat praktikatu ondoren, zenbakien lerrora pasatzen gara.

Ikasleek zenbakiak elementuen multzo ordenatu bat direla ulertu behar dute. Horregatik, hasiera-hasieratik bi koloretako boladun lepokoa erabiltzen dugu. Lepokoak bi kolore dituenez, ikasleek 5 batekoko multzoak identifika ditzakete; aurrerago, zenbaki handiagoak manipulatzeko gai direnean, 10 batekoko multzoak erabiliko ditugu. Zenbakiak boladun lepokoarekin lantzean, zenbaki bakoitza hurrenkeran non doan ikusten dute, eta lotura batzuk behatzen hasten dira (8 zenbakia 10 baino bi bateko txikiagoa da eta 5 baino hiru bateko handiagoa; 12 osatzeko 5 bolako bi multzo eta beste 2 bola behar dira…). Gainera, lehen batuketak eta kenketak egiten dituzte: hasieran lepokoaren bolak zenbatzen dituzte, eta, aurrerago, boladun lepokoan aurreraka eta atzeraka saltoka ibiltzen dira.

Kontuan izan behar dugu batzen jakitea ez dela eragiketa bat guk oroitzen dugun moduan ebazten jakitea: zenbakiak bertikalean jarri, lehendabizi batekoen arteko kenketa egin, ondoren hamarrekoena… Algoritmo hori behin eta berriz errepikatuz ikasi genuen zenbaki handiagoen arteko eragiketak egiten. Algoritmo bertikala batuketak egiteko modu bat da, baina modu gehiago daude: zenbatuz ere batuketak egin ditzakegu.

Batzen jakitea problemari erantzuna aurkitzeko estrategia bat erabiltzea baino askoz gehiago da: egoera batukorrak ebazten jakitea da. Irakasleak horren jakitun dira, eta ikasleak beste metodo batzuk erabiltzera bultzatzen dituzte ikasgelan.

Zenbakien lerroa ulertzeko eta erabiltzeko baliabideak

Zenbakien lerroa nola erabiltzen den eta saltoka ibiltzeak zer esan nahi duen jakin nahi baduzue, Ikasgela-kudeatzailean dagoen bi minutuko bideo hau ikus dezakezue.

Nola lagundu etxetik zenbakien lerroarekin

Etxean trebetasun batzuk landu ditzakezue zuen seme-alabak zenbakien lerroa erabiltzen treba daitezen. Hona hemen adibide batzuk:

  • Bilatu zenbatzeko aukerak zuen inguruan zenbakiak eta zenbakien hurrenkera barneratzen joan daitezen. Zenbakien hurrenkera behin eta berriz errepikatuz, zenbakien multzoak barneratzen joango dira, eta errazago izango zaie gero atzeraka eta binaka edo bosnaka arinago zenbatzea.
  • 10 zenbakia deskonposatzen aritu gaitezke, hau da, bi zenbaki batuz 10 lortzen jolas gaitezke: 2 + 8, 4 + 6, 1 + 9… Horrela, ikasleek erraztasun eta segurtasun gehiago izango dute zenbakien lerroan saltoak egin behar dituztenean.
  • Zifra bat baino gehiago dituzten zenbakiak deskonposatzen jolas gaitezke (27 zenbakia 2 hamarrekoz, hau da, 10 batekoko bi multzoz eta 7 batekoz osatuta dago).

Horrek guztiak zenbakiak lerroan errazago kokatzen lagunduko die.

Irakasleek lan handia egiten dute ikasgelan, eta guk ahal bezainbeste lagundu nahi diegu.

Ikaskuntza-prozesuari buruz pixka bat gehiago jakiteak apur bat lagunduko dizuela espero dugu!

  • Laura Ansorena

    Ikasketaz arkitektoa, eta erabateko bokazioz irakaslea. Gauza ederrak eta benetakoak gustatzen zaizkio, hala nola matematika. Gaur egun, matematikako, marrazketa teknikoko eta diseinuko irakaslea da Aula Escola Europea ikastetxean. Irakasle izateaz gain, Innovamateko didaktika-sailarekin lankidetzan aritzen da.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.