Skip to content

Sam eta heroiaren bidaia

Sam i el viatge de l'heroi

2. Ba al dakizue zergatik diren klasikoak klasiko? Italo Calvinoren hitzetan, hala dira, inoiz ez dutelako esan beharrekoa esaten. Klasikoek urte askoan jarraitzen dute hizketan, entzuleak topatzen jarraitzen baitute. Klasikoek interpelatu egiten gaituzte, barrua ukitzen digute argitaratu zirenetik bostehun urte igarota ere. Klasikoak klasiko dira, zuzenean gizakiaren atal hilezkorrari hel egiten diotelako.

 

3. Ba al dakizue zergatik erabiltzen duten nerabe gehienek hizkuntza horren modu pertsonalean? Bada, haurtzaroan erreferentzia linguistikoak eraiki dituztelako eta, orain, helduagoak direnean, dibertigarria iruditzen zaielako haiek haustea. Hitz berriak asmatzen dituzte, hitzen mugak esploratzen dituzte, esanahi bikoitzekin jolasten dute, ironiekin… Egin beharrekoa egiten dute: erreferentziak hautsi eta beren erreferentzia propioak eraiki. Matematikekin ere gauza bera gertatzen da: azalpena behar bezala eraiki badugu eta ikasleek behar bezala ulertu badute zergatik den 10 + 5 = 15, gustura jakingo dute zergatik den posible baita ere 10 + 5 = 3. Erreferentzia bat hautsi eta beste bat sortu.

 

5. Hasi da filma, eta organoaren hotsa entzuten da. Doinu menorreko melodia bat da. Lehenengo eszenan, etxe bat dago soilgune baten erdian; etxe viktoriar bat, behe-lainoaren erdian. Gaua da. Erabateko isiltasuna dago. Tarteka, otsoren baten uluak isiltasuna hausten du. Zer ari zarete pentsatzen? Beldurrezko film bat ikusten ari zaretela, ezta? Nolatan ondorioztatu duzue hori? Bada, bizitza osoa daramazuelako beldurrezko filmen erreferentzia eraikitzen eta zuen garunak falta ziren hutsuneak bete dituelako. Hori ere klasiko bat da.

 

7. DBHko lehenengo mailetako ikasleak publiko zaila dira. Zenbait gauzaren kasuan jada hasiak dira erreferentziak hautsi edo erreferentziei buelta eman nahian, eta, beste gauza batzuen kasuan, erreferentziak ez dira hausteko bezain trinkoak oraindik. Samen bidaiaren kasuan, horixe ikusi dugu. Badakite abenturazko nobelak edo filmak zer diren, baina oraindik ez daukate behar bezain finkatuta heroiaren bidaiaren egitura klasikoa eta, beraz, hautsi beharrean, erreferentzia sortzen laguntzea erabaki dugu: Samen bidaiak heroiaren bidaiaren eskema klasikoari jarraitzen dio.

 

11. Gainera, heroiaren bidaia gure ikasle askok matematikako ikasgelan egiten duten bidaia bera da. Abenturazko istorio bateko heroiak bezala (kasu honetan, Sam), gure ikasleek abenturarako deia sentitzen dute (erronka matematikoen deia), nahiz eta hasiera batean baztertu egiten duten. Ez dira gai sentitzen, ez dira prest sentitzen. Baina, dena ondo badoa, mentorearekin topo egingo dute (irakaslea, adibidez), eta zerbait aldatu egingo da. Heroiek (ikasleak) deia onartuko dute eta beren erosotasun-eremutik urrunduko dituen atalasea gurutzatuko dute. Horrela, mundu ezezagun batean murgilduko dira, eta, bertan, problemak, erronkak, etsaiak (batzuetan beren burua izango da) eta, agian, gainditu beharreko azken proba bat (gogaitasuna, nagitasuna, heziketa-sistema bera…) aurkituko dituzte. Eta, horri eusten badiote, saria izango dute: galdera berrien oinarri izango diren ezagutza eta prozesuak. Eta, orduan, bueltako bideari ekingo diote, baina elixirra aurkitu izanaren pozarekin. Elixir hori, berez, ez da jakin-min handiagoa eta galdera berriak besterik, gurpilari berriro eragiteko: abenturarako beste dei bat, beste mentore bat, erosotasun-eremutik irteteko beste aukera bat.

13. Artikulu honek loturarik gabeko piezaz egina dirudi, baina ez da horrela. Adibidez, formari dagokionez, paragrafo-zenbakiek zenbaki lehenen segida osatzen dute. Zergatik? Erreferentzia hausteko eta beste bat eraikitzeko. Agian konturatuko zineten eta keinua ospatuko zenuten konplizitatezko isilune batekin. Edo agian ez, eta, orduan, 1etik hasi beharrean 2tik hasi garela ikustea ez zitzaizuen gustatuko. Oraindik zenbatzen ikasi ez duen haurra bazinete eta ez bazenekite 2aren aurretik 1a datorrela, berdin izango zitzaizuen, ez zenuketelako erreferentzia gehiagorik izango.

 

17. Hemen amaitzen da artikulua. Behar bezala eraikita badago, aurkituko zenuten elixirra: jakin-min handiagoa, galdera gehiago. Irakasleak bazarete, elixirra ikasgelara eramateko modua aurkituko duzuela espero dugu. Bestela, bizitzara eramateko modua aurkituko duzuela espero dugu. Dena dela, ez utzi inoiz munstro handiari (gogaitasuna, nagitasuna, heziketa-sistema bera…) barruan daramazuen heroiaren bidea begi-bistatik galarazten.

  • Verónica Sánchez

    Pompeu Fabra Unibertsitatean Giza zientziak eta Kazetaritza ikasi ditu. Literatura klaseak eman ditu Bartzelonako eta New Yorkeko institutuetan. Gaur egun, irakaskuntzan eta curriculum-koordinazioan dabil L’Horitzó ikastetxean (Bartzelona), eta El viaje de Sam saileko gidoiak idazten Innovamaten. 2014an Carlemany saria irabazi zuen Coses que no podrem evitar (Columna) gazteentzako eleberriarekin.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.