Skip to content

Nola lagun dezaket etxetik? Ez dezagun spoilerrik egin!

familia innovamat

Lerro hauek irakurtzen ari bazara, ziurrenik etxeko txikien heziketa matematikoan laguntzeko premia sentituko zenuen. Ez da abiapuntu txarra. Haatik, haur guztiek ez dute horrekin kezkatuko den norbait izateko zorterik.

Baina laguntzeko premia hori nondik datorren galdetu behar diogu geure buruari. Horregatik, lehenik eta behin ikastetxearekin hitz egitea gomendatzen dizugu. Irakasleek ordu asko ematen dituzte haurrekin eta prestakuntza didaktiko espezifikoa dute; beraz, haiek dira egokienak haur bakoitzaren behar akademikoak zein diren zehazteko. Gainera, ezinbestekoa da ikasleak eskolan ikasten duenaren eta etxean lantzen duenaren edo transmititzen diogunaren artean lotura eta koherentzia egotea. Zenbaitetan, laguntzeko borondatea izan arren, kontuan izan behar dugu heldu gehienek ez dituztela matematikak gaitasunetan oinarritutako modu honetan ikasi, eta hezkuntzaren alorrean adituak ere ez dira. Horren ondorioz, etxean, sarritan, kontzeptuak presaka eta oker aurkezten dira helduak haurraren aurrerapen didaktikoarekin konturik izaten ez badu. Bestela esanda, etxean matematikak lantzen dituzunean, ikasgelako aurkikuntza- eta solasaldi-uneak zapuzteko arriskua dago, eta horiek funtsezkoak dira ezagutza iraunkorrak sorrarazteko; ikaslea ikasgelan ikasten ari denarekin talka egiten duten mekanismo tradizionaletan erortzeko arriskua duzu, are zalantza gehiago sorraraziz, eta, batez ere, matematikak gauzak buruz ikastea, opakutasuna eta errepikapena direla transmititzeko arriskua duzu. Ikusten duzunez, arriskutsua da kontua. Baina, orduan, ezin al dut ezer egin?

Tira, Innovamaten guraso ere bagara. Ulertzen dugu une jakinen batean beharrezkoa izan litekeela prozeduraren bat praktikatzen laguntzea, batez ere oinarrizko eragiketa aritmetikoak mekanizatzeaz ari garenean. Dena den, beti ziurtatu behar dugu etxean praktikatzen dugun hori aurrez eskolan deskubritu eta eraiki dela. Ez dezagun spoilerrik egin, mesedez!

Hori esanda, gure webgunean “2 minututan egiteko estrategiak” izeneko bideoak eskaintzen dizkizugu. Bideo horietan, oinarrizko eragiketa aritmetikoak (batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa) ebazteko algoritmo nagusien gakoak erakusten dira. Horrek ez du esanahi proposamen guztia kalkulu-algoritmoen ingurukoa denik (matematikak hori baino askoz gehiago dira!), ezta eragiketa guztiak horrela ebazten ditugunik (estrategia bisual asko erabiltzen ditugu, manipulatzeko materiala eta buruzko kalkulua barne), ezta estrategia horiek algoritmo tradizionalak ordezkatzen dituztenik (baina gardenagoak eta ulergarriagoak direnez, ikasleek algoritmoak hasieran hobeto ulertzen dituztela bermatzen dute, eta, gero, nahi izanez gero, algoritmo tradizionalak erabil ditzakegu).

Bideo horiekin, haurrei laguntza ematen hasteko abiapuntu bat izan dezazun espero dugu. Hortik aurrera, irakasleekin hitz egitea gomendatzen dizugu. Eta, batez ere, hitz egin matematikez haurrekin: galde iezaiezue eskolan zer egiten duten, izan zaitezte haien ikasle une batez, eta arrazoiketa, argudio eta lotura zoragarriak deskubrituko dituzue. Eta, gainera, haiei laguntzeko modu hobeak ikasiko dituzue.

  • Albert Vilalta

    Formazioz ingeniaria da, eta matematikako irakaslea bokazioz. Gaur egun, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Hezkuntza Fakultateko irakaslea da, eta matematikaren didaktikako doktoretza amaitzen ari da. Unibertsitateko lana irakasleen formakuntzarekin eta, batez ere, Innovamateko didaktikako sailean ikerketa-, komunikazio- eta kontzeptualizazio-ardurekin uztartzen du.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.