Skip to content

Matematikak eta haien kultur ondarea

matematiques cultura

Imajinatu eskolan, arteko ikasgaian, hesi bat margotzen baino ez zizutela irakatsi. Inoiz ez zizkizutela erakutsi Leonardo da Vinciren edo Picassoren margolanak. Baloratuko al zenuke artea? Ez dut uste. […] Jakina, ez du ez hanka, ez buru, baina horrela irakasten dira matematikak eta, horrenbestez, gehienen begitan, pintura nola lehortzen den begiratzea bezala dira. Maisu handien margolanetara heltzea erraza da. Maisu handien matematikak, ordea, giltzaz itxita daude.

Hori da Edward Frenkelek, Harvard Unibertsitateko matematika-doktorea, bere Love and Math: The Heart of Hidden Reality (2015) liburu arrakastatsuan partekatzen duen lehenengo hausnarketetako bat. «Matematikaria ez bazara, liburu hau irakurri ostean hala izan nahiko duzu», laburbiltzen du Nassim Nicholas Talebek. Liburuan, “matematikak egitearen” eta bizitzaren bidaiaren arteko lotura estua partekatzen da, hau da, matematiken eta artearen arteko lotura estua. Hain zuzen, lotura hori Godfrey Harold Hardy matematikari britainiar handiak ere nabarmentzen du A Mathemacian’s Apology (1940) lanean. Haren hitzetan, matematikaria, margolaria edo poeta bezala, eredu-sortzailea da.

Zergatik zabaldu da horren gutxi matematiken inguruko ikuspegi hori? Arrazoi ugarietako bat aurkitzeko, zera pentsatu behar dugu: matematiken irakaskuntzan lan egiten duten pertsona asko zientzien mundutik datoz, eta horrek, oso aberasgarria bada ere, desabantaila handi bat dauka…

Zer dira matematikak?

«Tresna bat». Hori erantzuten digute matematika-irakasle askok honako hau galdetzen diegunean: «Zer dira matematikak zuretzat?». Irakasle horiek matematika ez den beste zientzia-alor batzuetatik etorri ohi dira.

Bai, matematikak oso erabilgarriak dira hainbat alorretan, baina tresna bat baino askoz gehiago dira. Xede bat dira, eta mundu liluragarria, maite ditugunontzat. Egiteko eta bizitzeko modu bat dira, eta gizakiaren kultur ondarea finkatzen lagundu dute, beti eta toki guztietan. Ideia utilitarista hori apurtzeko, beharrezkoa da matematikak ardatz dituen ikuspegi bat zabaltzea.

Matematiken inguruko ideia hori Ujué Etayok deskribatzen du, 2021eko José Luis Rubio de Francia sariaren irabazleak, eta horixe da gure ikasleei helarazi nahi dieguna. Eta nola lortu nahi dugu hori? Matematikak modu horretan bizi dituzten pertsonen bidez: pertsona grinatsuak, bizi direnak, duda egiten dutenak, hanka sartzen dutenak. Nerabeentzat erreferentzia bilaka daitezkeen pertsonak.

Samen bidaia

Samen bidaia animaziozko serie bat da, Bigarren Hezkuntzako matematikako ikasgelarako egina. Bere asmoa matematiken inguruko ikuspegi humanistagoa transmititzea da. Horregatik jaio zen, gure gizartean sustrai sakonak dituen uste ustel bat hausteko asmoz: «Matematikak gutxi batzuentzat bakarrik dira».

Samen bidaiaren bidez, matematiken alorreko pertsonaia handien bizitza azaltzen dugu, ikasle, irakasle eta familiak ohar daitezen guztiak izan daitezkeela matematiken mundu zoragarriaren parte. Animaziozko serie honek matematiken mundurako sarbidea izan behar du matematiketan beste diziplina batzuetatik (ilustrazioa, literatura, historia…) murgildu diren ikasleei. Eta alderantziz: matematikak beste diziplina batzuetan murgiltzeko bidea izan daitezke baita ere.

Testuinguru historikoa eta erreferenteak

Eta nola aukeratu ditugu matematiken alorreko pertsonaia horiek gure nerabeek ikasgelan egingo duten bidaia gidatzeko? Erreferente historiko handiak hartu ditugu. Egoera konplexuei aurre egin behar izan zieten pertsonak. Eta aurrera atera zirenak… edo ez, baina gogor lan egin zutenak. Matematikak modu desberdinetan bizi izan zituzten pertsonak: babesleku gisa, distrakzio gisa, egiara hurbiltzeko modu gisa, beste batzuekin erlazionatzeko modu gisa, etab. Arauak zalantzan jarri zituzten pertsonak. Pertsona iraultzaileak.

Pertsona horietako bat Sophie Germain (1776-1831) matematikari frantziar handia da. Frantziako Iraultza betean nerabe izateak ez zuen erraza izan behar, ez horixe. Eta are gutxiago zientziekiko interesa bazenuen. Sophie Germainek dena aurka zuen matematika ikastea erabaki zuenean. Gurasoek ere, matematikekiko interes hori erakusteak ekarriko zion mespretxutik eta sufrimendutik babestu nahian, denetik egin zuten Sophieri ideia hori burutik kentzeko. Baina Sophie ez zuen ezerk geratu. Gizon-plantak egin zituen (bere artikuluak Monsieur Le Blanc gisa sinatzen zituen), eta garaiko aurreiritzi eta estereotipoei aurre egin behar izan zien. Urtetako esfortzu eta borrokaren ostean, 1816an Frantziako Akademia Errealaren sari handi bat irabazten zuen lehen emakumea bilakatu zen. Eta hori ez da guztia: Fermaten (1630) azken teorema zenbaki multzo handi baterako frogatzen zuen lehen pertsona izan zen.

Gaur egun, Sophie oso maitatua da, ezerk ez baitzuen gelditu. Haren adore eta kemena inspirazio-iturri izan dira jende askorentzat. Eta agian hala izango dira zuretzat ere. Cheryl Bardoek horrela aldarrikatzen du Sophie Germainen papera bere Nothing stopped Sophie ipuinean. Eta guk ere haren urratsei jarraitu nahi diegu. Sophie Germain eta bestelako erreferenteak aldarrikatu nahi ditugu, haien istorioak kontatu. Haien borroka eta gatazkak aldarrikatu; haien lorpenak, baina baita haien porrotak ere. Gure ikasleek Sophie Germain eta bestelako pertsonaia historikoak ezagutzeko aukera badute, haien urratsei jarraitzeko aukera izango dute baita ere.

Erreferentziak

Bardoe, C. & McClintock, B. (2018). Nothing Stopped Sophie: The Story of Unshakable Mathematician Sophie Germain. Little, Brown Books for Young Readers.

Frenkel, E. (2014). Love and Math: The Heart of Hidden Reality. Basic Books.

Hardy, G. H. (2018). A Mathematician’s Apology. Martino Fine Books.

Rius, M. (2022). “Si al profesor le gustan las matemáticas, al alumno también le acaban gustando”. La Vanguardia. Recuperat 22 de setembre de 2022, de https://www.lavanguardia.com/vida/20220725/8395452/profesor-le-gustan-matematicas-alumno.html

  • Marc Caelles

    Formazioz matematikaria da, eta matematikako irakaslea bokazioz. Egun, Sant Gregori ikastetxean matematikako irakaslea da. Irakasle lanetan ibiltzeaz gain, irakasleen formakuntzak ere egiten ditu, eta Innovamateko sail didaktikoan edukiak sortzen ditu.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.