Skip to content

Laura Romari elkarrizketa

Laura Roma

Laura Roma irakaslea eta Innovamateko Hezitzaile-taldeko kidea da. Haien lana irakasleak trebatzea da, eta gidaritza eta laguntza eskaintzen dizkiete Innovamat egiten duten eskolei, proposamenaz eta matematikez ahalik eta gehien goza dezaten.

Laura, nola heldu zinen Innovamatera?

Betidanik asko gustatu izan zait hezkuntzaren mundua. Irakaslea naiz formazioz: Lehen eta Haur Hezkuntzako gradu bikoitza ikasi dut. Graduan zehar lankide bat ezagutu nuen, Alba, eta eskolaz kanpoko jardueretarako hezkuntza proiektu batean ari zen lanean… Garai hartan oraindik ez zen Innovamat; Brain Art izena zuen. Albak proiektu hartan murgiltzea proposatu zidan, begirale gisa, baina lehenik karrera amaitu nahi nuen, eta, gainera, lan egiten nuen arratsaldez. Hezkuntzaren lan munduan sartzeko izugarrizko gogoa nuen. Nire burua ezagututa, hala izan balitz, lanean buru-belarri hasiko nintzen eta ikasketak alde batera utziko nituen.

Geroago, karrera amaitu ostean, proiektuarekiko interesa piztu zitzaidan berriro. Orduan jada ez zen eskolaz kanpoko proposamen bat: matematikaren didaktikara bideratuta zegoen, eskolako matematikako curriculum-proiektu gisa. Egia esan, nire ustez, proiektua ez balitz matematikarekin lotuta egongo, agian ez lidake atentzioa emango. Karrera amaitu ondorengo udan hasi nintzen Innovamaten lanean, eta lau urte daramatzat enpresan.

Zure lana, hasieran, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako Abenturetako erronken gidak idaztea zen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Tira, oso esperientzia aberasgarria izan zen. Matematikaren didaktikan adituak zirenekin egiten nuen lan, besteak beste, Laura Morera, Cecilia Calvo eta Albert Vilaltarekin. Garai hartan, matematikaren didaktikaren inguruan nekiena oso mugatua zen. Unibertsitatean ikasi nuena nekien: ardatza edukiak eta mekanizatzea ziren. Baina garai hartako lanari esker, Laura Morerarekin asko ikasi nuen didaktikari buruz, eta matematikaren inguruan nuen ikuspegia erabat aldatu zen.

Matematikaren didaktika ikasi zenuen unibertsitatean?

Bai, pixka bat landu genuen, eta, egia esan, gehien gustatu zitzaidan irakasgaietako bat izan zen. Hala ere, geroago arlo horretan adituak direnekin lan egiteko zortea izan nuen, eta konturatu nintzen ordura arte ez nuela benetan ikasi. Eta haiengandik ikasten jarraitzen dut egunero.

Azalduko al zeniguke pixka bat zertan egiten duzun lan gaur egun?

Noski! Gaur egun, Innovamateko Revenue arloan egiten dut lan, eskolekin harreman gehien duen arloan. Zehazki, irakasleak formatzeaz arduratzen den taldean nago. Nire zeregin nagusia Innovamat erabiltzea erabakitzen duten eskolei laguntzea eta gidaritza eskaintzea da, proposamena ondo erabiltzen dutela bermatzeko. Helburua eskolek proposamenaren aberastasuna ikustea eta ikasleek modu esanguratsuan ikastea da. Irakasleekin estu lan egiten dugu matematikaz maitemindu daitezen, gu maitemindu garen bezala.

Nolatan sortu zen hezitzaile figura Innovamaten?

Tira, esan bezala, lehen erredaktore taldeko kide nintzen. Egiten ari nintzen lanarekin nahiko gustura nengoen arren, ikasgelan gehiago egoteko beharra sentitzen nuen. Gidak egiterakoan idazten nuen guztia aplikatu nahi nuen, eta irakasleekin eta ikasleekin harremanetan egon, haien errealitatea ulertzeko eta hobeto laguntzeko.

Garai hartan, hezitzaileen rola ez zen existitzen. Baina ikusten hasi nintzen erredaktore-taldean bazegoela ni bezala ikasgelan gehiago egon nahi zuen jendea. Behar horren ondorioz, hezitzaile izateko lanpostua sortu zen. Bai ni, bai beste taldekide batzuk oso ondo egokitu gara lanpostu honetara, proposamenari ekarpena egiten diodala eta etengabe hazten ari naizela sentitzen baitut.

Bazenuen esperientzia ikasgelan hezitzaile izan aurretik... Lagungarri izan al zaizu hori zure oraingo lanerako?

Zalantzarik gabe, ikasgelako esperientzia izan da gehien lagundu didan gauzetako bat, eta erredaktore gisa idatzitako guztia aplikatzeko aukera eman dit. Eskola batera joaten naizenean, irakasleekin konektatzen saiatzen naiz, haien errealitatea hobeto ulertzeko. Hezitzaile rolak hainbat eskoletara joateko eta ikasgelan egoteko aukera ematen dit, eta eskola bakoitzean bizi duten errealitatea ikusi dut. Klaseak behatzeak eta emateak aukera ematen digu enpatia izateko eta ikasgeletan zer gertatzen ari den ulertzeko, horrela proposamena hobetu ahal izateko.

Nola laguntzen die hezitzaile batek irakasleei ikasgelan? Zein da zuen lana, zehazki?

Hezitzaileen zeregina irakasleei klasean Innovamat erabiltzen laguntzea da; ikasgelako errealitatearen arabera, proposamena moldatzen eta “bere egiten” laguntzea, eta ikasleek zein irakasleek horretaz gozatzea eta ikastea. Helburu hori oso abstraktua da, baina landa-lanean oinarritzen saiatzen gara, irakasleekin hitz egiten eta haiekin enpatia izaten, errealitate desberdinak ezagutzeko eta gure helburua lortzeko.

Adibidez, demagun irakasle batek Innovamaten saio bat nolakoa den imajinatzeko zailtasunak dituela (orain arte gauzak beste era batera egin dituelako), baina ikasteko prest dagoela. Halako kasuetan, berarekin esertzen gara, eta elkarrekin prestatzen dugu saioa. Batzuetan, bere ikasgelan sartzen gara eta bizi duen errealitatea ezagutzen dugu, behatuz edo saioren bat eginez. Ondoren, feedbacka ematen diogu proposamena aplikatzen laguntzeko. Eskola bakoitzaren testuingurura ahalik eta gehien egokitzen saiatzen gara; helburua irakasleek matematika eta didaktika maitatzea da. Ez dugu soilik gugan konfiantza izatea nahi, baizik eta jarduera bakoitzaren zergatia ulertzea, eta nola egokitu dezaketen jakitea, gero ikasleei transmititzeko. Ezinbestekoa da sor daitezkeen “Zergatik?” guztiei erantzutea.

Nolakoa da irakasleen jarrera esku-hartze horren aurrean?

Orokorrean, asko eskertzen dizute, guztiek nahi baitute beren ikasleen ikaskuntzan bidelagun izan. Gu ere ideia horrekin bat gatozenez (eta hori oso garrantzitsua da), eta entzun eta lagundu egiten diegula sentitzen dutenez, erantzuna oso positiboa izaten da. Hala ere, ez diegula nahi adina lagundu sentitzen badute, askotan soilik gure esku ez dauden faktoreengatik izaten da.

Murgil gaitezen apur bat didaktikan. Beti esan izan dugu matematikako klaseak konpetentzietan oinarritzea nahi dugula. Baina zer esan nahi du konpetentzietan oinarrituta lan egiteak? Nola eragin du horrek irakaskuntzari buruz duzun ikuspegian?

Konpetentzietan oinarrituta lan egiteak matematikaren irakaskuntzaren paradigma tradizionala aldatzea dakar. Lehen, arreta edukian bakarrik zentratzen zen. Pixka bat exageratuz, helburua ahalik eta eragiketa gehien ahalik eta azkarren ebaztea zen, ahal zen moduan. Orain, ikuspegi hori aldatu egin da, nolabait ere behar bati erantzuten diolako. Zertarako balio dute mekanizazio-algoritmoek abiadura irabazteko, eragiketak segundo bat baino gutxiagoan egiten dituzten kalkulagailuak badauzkagu? Horrekin ez dugu esan nahi edukiak, algoritmoak, garrantzitsuak ez direnik, baina gure helburua da, batez ere, ikasleentzat edukiok ulergarriak eta esanguratsuak izatea. Ikasleek mekanizatzetik harago doazen konpetentzia matematikoak garatzea nahi dugu: arrazoitzea, kritikoak izatea, galderak egitea, kontzeptuak lotzea, etab. Konpetentzietan oinarrituta lan egiten dugu, ikasleek matematikan gaitasun horiek izan ditzaten nahi dugulako. Ez dugu nahi matematika jakintza teoriko isolatuen diktaketa edo entziklopedia bat izatea, baizik eta ikasleek ikasten duten guztia egunerokotasunean aplikatzeko aukera izatea. Aldaketa bat da matematikaren irakaskuntzan.

Eta nola sortzen dira praktika onak konpetentzietan oinarrituta lan egin ahal izateko?

Alde batetik, irakasle gisa, aldaketarako prest egon behar dugu. Garrantzitsua da onartzea menderatzen ez ditugun gauza asko egongo direla, eta kontzeptu batzuk berriz ikasi beharko ditugula. Atzerapauso bat eman behar dugu, eta irekiak izan, matematikak inoiz ikasi ez ditugun bezala ezagutzeko. Eta horrek lan egiteko modua aldatu behar dugula esan nahi du. Era berean, ezinbestekoa da sinestea garrantzitsua dela ikasgelan ikuspegi konpetentziala izatea.

Bestalde, garrantzitsua da ulertzea zer esan nahi duen konpetentzietan oinarrituta lan egiteak eta zein diren garatu behar ditugun prozesuak, baita curriculuma ondo ezagutzea eta eskolak nola bideratu argi izatea ere. Baliteke irakasle batzuek formakuntzak behar izatea problemak ebazteko behar diren trebetasunak ondo ulertzeko. Eta horregatik, hezitzaileok formakuntza-prozesu horretan haiei laguntzen saiatzen gara, irakasle gisa ikuspegi hori aplika dezaten.

Aholkurik beren ikasgeletan ikuspegia aldatu nahi duten irakasleentzat?

Lehenengo aholkua aldaketarako prest egotea da, irekiak izatea. Irakasle gisa jakin behar dugu gauzak ez direla beti guk nahi bezala irtengo, eta horrekin aurrera egin behar dugu.

Horrez gain, berriz maitemindu behar dugu matematikekin, eta konpetentzietan oinarritutako ikuspegiari aukera bat eman, bizitza beste modu batera ikusteko aukera ematen baitigu.

Azkenik, irakasleak beren burua ahalduntzera animatzen ditut. Presta gaitezen modu berri honetan lan egiteko. Gure ikasleek matematikak modu esanguratsuan ikastea nahi badugu, ondo prestatu behar ditugu saioak, denbora eskaini behar diegu. Ulertzen dut ez dugula nahi beste denbora eta baliabideak mugatuak direla, baina garrantzitsua da ikasgelarako jarduera aberatsak prestatzea. Galdera aberatsak gakoa izango dira matematikak modu esanguratsuan ikasteko.

Azkenik, uste dut garrantzitsua dela azpimarratzea arreta gunea ez dela jada maisua, ikasleak baizik, eta hori ikasgelan elkarrizketa bultzatuz lortzen dela. Elkarrizketa horrek kaos pixka bat sor dezake, baina helburu bat duen kaos matematikoa izango da. Dekalogoa oso lagungarri izan daiteke!

Eskerrik asko zure esperientzia gurekin partekatzeagatik, Laura!

Zuei! Ziur nago irakaskuntzaren ikuspegi-aldaketa honek eragin positiboa izango duela gure ikasleen ikaskuntzan.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.