Skip to content

Konpetentzien ebaluazioa: bi dimentsioko ereduen zeregina

Avaluació competències

Edukiak taula

Ikasleen ekoizpenen ebaluazioa

Gure eguneroko irakasle-lanean, egoera egokiak sortzen ditugu ikasleekin etengabe ebidentziak jaso eta ebaluazio hezigarria egin ahal izateko eta, hala egokituz gero, baita ikasketa kalifikatzeko ere.

Artikulu honetan ikasleen ekoizpenak erakutsiko dizkizuegu, eta egin ditzakegun hausnarketak eta oharrak azalduko. Hain zuzen, zereginen inguruko feedbacka emanez lagunduko diegu ikasleei ikasitakoa erregulatzen eta zer ikasi duten egiaztatzen.

Ikasgelan egindako ebaluazioaren adibidea

DBHko 1. mailako ikasle-talde bati segida baten lehenengo hiru irudiak erakutsi dizkiogu, eta galdera hau egin dugu: «Zenbat karratutxo izango ditu laugarren irudiak?». Bikoteka lan egiteko proposatu diegu. Zenbat karratutxo dauden esateaz gain, ikasleek bi modu ezberdinetan justifikatu behar dute nola iritsi diren emaitzara.

Hona hemen ikasleek idatzitakoa:

1. bikotea.

Galderari erantzuteko egin dituzten bi arrazoiketak azaldu eta justifikatu dituzte. Badakite segida geometrikoki aztertzen (forma karratua identifikatu dute) eta badakite alde bakoitzean zer gertatzen den, eta gero 4 aldiz errepikatu dute. Bigarren arrazoiketan lotura bat egin dute zenbaketarekin: zenbaki karratuak identifikatu dituzte. Horrez gain, modu ulergarrian lortu dute komunikatzea eta adieraztea.

2. bikotea.

Ikasle horiek azaleren arteko desberdintasunean oinarrituta arrazoitu dute problema (1. bikoteak bezala), baina haien adierazpenak xehetasun gutxiago ditu eta ez du loturarik erakusten (ez dituzte zenbaki karratuak erregistratu, adibidez).

3. bikotea.

Beste bikoteetan lehendik ikusi ditugun arrazoiketez gain, azken ikasle horiek beste bat gehitu dute: karratuen 4 aldeak banatu dituzte eta alde bakoitzeko karratutxoak zenbatu dituzte. Horrez gain, ulertu dute izkinak kendu behar direla, aipatutako prozedurarekin bi aldiz zenbatu baitituzte. Problemak ebazteko maila ona dutela erakutsi dute, baina “Komunikatzea eta adieraztea” prozesuan gaitasun gutxien duen bikotea da: adibidez, bigarren irudian alde hitza erabili dute aldeak izendatzeko, eta hori zuzen egin dute, baina erpinei ere «alde» deitu diete.

Bikote batek ere ez du erakutsi egoera orokortzeko gai denik. Zalantza egin genezake: agian gehiegi fidatu dira karratutxoak aurreko iteraziotik abiatuta zenbatzerakoan (badakite hirugarren irudiak 16 karratutxo dituela, eta beste 4 bakarrik gehitu behar direla).

Harago joaten lagun geniezaieke galdera hauek eginez: «Zenbat karratu izango lituzke segidako 30. irudiak? Eta 50.ak?» Orokortzera bideratu nahi ditugunez, segidako 30. eta 50. elementuak nolakoak izango diren galdetuko diegu. Izan ere, elementu horiek hasierako elementuengandik urrunegi daude zenbaketa-estrategia erabiltzeko.

Nola kalifikatu zeregin bat?

Zeregina kalifikatzeko erabili nahi izanez gero, aipatu ditugun oharrak haztatu eta bikote bakoitzari eskuratze-maila bat esleitu ahal izango genioke. Irakasle batek 4 mailako kalifikazioa egin nahiko balu, esan dezake lehenengo bikoteak komunikazioan eta adierazpenean, problemen ebazpenean eta arrazoiketan eta proban eskuratze-maila oso ona duela. Beste ebidentziaren bat beharko litzateke loturak ezartzeko prozesua kalifikatu ahal izateko.

Gainontzeko bikoteek badakite hasierako galderari erantzuten, baina justifikatzerakoan zailtasun gehiago dituzte. Denek dakite 20 karratutxo daudela, segidako hirugarren irudian baino 4 gehiago, baina ez daukagu ikasleek irudiak geometrikoki edo kopuruan oinarrituta aztertzen dakitela erakusten duen ebidentziarik.

4. bikotea

Avaluació de competències matemàtiques dels alumnes

5. bikotea

6. bikotea

Kasu horietan, galderak egin beharko genizkieke problema atalka banatzen laguntzeko: «Zer forma geometriko dute irudi guztiek?», «Karratuaren zein elementu identifika ditzakezue?», «Zer du ezberdina segidako elementu bakoitzak?».

Momentuz, ez dute erakutsi konpetentzien eskuratze-maila ona dutenik: ez dituzte egin dituzten marrazkiak segidako irudiekin argi lotu; ez dute modu ulergarrian irudikatu, eta badirudi zenbaketa justifikatu nahi dutela geometriaren eta zenbakien artean loturarik egin gabe. Izan ere, badakite hurrengo irudiak 20 karratutxo izango dituela (gai baitira zenbatzeko), baina ez dute egin beste arrazoiketarik, eta ez da ikusten eredurik hauteman dutenik.

Orokortzeko eskatu aurretik, lehen irudi horietan oinarrituta segida arrazoitzeko eta aztertzeko gai izan beharko dute.

Gaitasun sozioemozionalak ebaluazioan

Batzuetan ikasleei beren gaitasun sozioemozionalek ez diete uzten ikasten. Halaxe izan da 7. bikotearen kasuan. Ikasleek beren burua zentsuratu dute, azkarregi baztetru dituzte goragoko mailako prozesu kognitiboetara eraman ditzaketen arrazoiketak, esaterako, ondorioztatzea eta aieruak egitea.

Horrez gain, segida aztertzeko 3 modu irudikatu dituzte, beste ikaskideek baino bat gehiago. Lehenengoan, karratutxoak aurreko iterazioan baino 4 gehiago direla adierazi dute (lehen arrazoiketa zuzena, baina baztertu egin dute). Bigarrenean, elementu horrek segidan duen posizioa (zenbakia) hartu eta 4z biderkatu dute, eta 4 karratutxo gehitu dituzte, izkina bakoitzeko bat (bigarren arrazoiketa zuzena, baina hori ere baztertu egin dute). Azkenik, geometrian oinarritzen ez den arrazoi bat eman dute, eta ez dute argi justifikatu, baina ondo funtzionatzen du kopuruari dagokionean.

Ideiak zergatik baztertu dituzten galdetu beharko litzaieke ikasle horiei, eta behin eta berriz saiatzera eta ikuspuntu ezberdinak ikertzen jarraitzera animatu behar ditugu: «Zergatik baztertu duzue arrazoiketa hau?», «Non aurkitu duzue zailtasuna?», «Zer zegoen gaizki?», «Zergatik egin duzue 5 bider 4?» «Zer esan nahi du 5ak zuen biderketan?». Halaber, beste galdera hau ere egin genezake: «Zenbat karratu izango lituzke 30. elementuak?» Orokortzera behartzen baditugu, agian horrek baztertutako argudio batzuei berriz heltzen lagun diezaieke, eta argudio horiek eraginkorragoak dira.

Egiten dizkiegun galderen erantzunak ere ebaluazio-adierazleak izango dira, eta ikasleen ikasketa bideratzeko eta hurrengo urratsak egiteko pista gehiago emango dizkigute. Izan ere, ebaluatzea ikastea da, eta guk ikasketa ebaluatzen dugu.

  • Laura Ansorena

    Ikasketaz arkitektoa, eta erabateko bokazioz irakaslea. Gauza ederrak eta benetakoak gustatzen zaizkio, hala nola matematika. Gaur egun, matematikako, marrazketa teknikoko eta diseinuko irakaslea da Aula Escola Europea ikastetxean. Irakasle izateaz gain, Innovamateko didaktika-sailarekin lankidetzan aritzen da.

  • Albert Vilalta

    Albert Vilalta Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziaduna da, eta Matematikaren eta Zientzia Esperimentalen Didaktikan doktoregaia Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB). 7 urte baino gehiago daramatza irakasle, eta gaur egun matematikako irakaslea da UABko Hezkuntza Fakultatean. Horrez gain, Innovamateko didaktika taldeko kide da eta, bertan, ikerketarekin, garapenarekin, formakuntzarekin eta komunikazioarekin lotutako zereginez arduratzen da.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.