Skip to content

Irakasle-lanbidearen konplexutasunaren inguruko gogoeta Ikaskuntza esanguratsurako bidea

Feina reflexiva docent

Eduki-aurkibidea

Irakasle-lanbidea konplexua da eta oso urrun dago linealtasunetik. Izan ere, gakoa ez da ezagutzak transmititzea, baizik eta ikasleek ikastea; hori lortu behar dugu. Eta ikasleak pertsonak dira, hau da, beren berezitasunak eta egoerak dituzte, nork bereak eta bereak bakarrik, ez beste inorenak. Konplexutasun hori are nabarmenagoa da gaur egun, etengabe eta bizkor aldatzen den gizarte batean.

Testuinguru horretan, irakasle-jardunak ezin du izan soilik ekintza tekniko eta mekanizagarrien segida. Gogoetatik bereizten badugu, irakasle-jardunak ez digu ezagutzarik emango. Horregatik, gure jardunari eta gure esperientziari buruz hausnartzea eta bien ala biei begi kritikoarekin begiratzea funtsezkoa da, eta horrela baino ez dugu lortuko irakasle-konpetentzia profesionala lortzea eta hobetzea. John Deweyk honela zioen: «Ez dugu esperientziatik ikasten; esperientziari buruz hausnartuz ikasten dugu».

Irakasle-lanbidearen inguruko gogoetarako gakoak

Hau irakurtzen ari bazara eta irakaslea bazara edo noizbait irakasle-lanetan aritu bazara, seguru ados egongo zarela honekin: saio bat prestatzen edo planteatzen duzunean imajinatzen duzunak, askotan, ez du zerikusirik ikasgelan benetan gertatzen denarekin. Ikasleen aurrean gaudenean, une jakin horretako egoerara moldatu behar izaten dugu, eta egoera horrek ez du zerikusirik izango saio bera beste talde batekin edo beste ordu batean egitean sortuko den egoerarekin.

Saioan gertatu denari buruz hausnartzea (zer gertatu den, zergatik gertatu den, zer egin dudan, zer eragin izan duen egin dudanak, zer egingo nukeen etorkizunean antzeko ezer gertatuz gero, etab.) funtsezkoa da gure kudeaketa-tresnen kaxa betetzen jarraitzeko, gure kontratu didaktikoa finkatzeko eta irakasle hobeak izateko.

 

Feina reflexiva docent

 

Ispiluaren aurrean jartzea ez da lan erraza; nork bere burua ebaluatzeak edo besteren batek ebaluatzen gaituela sentitzeak, maiz, zalantzak eta segurtasunik eza sortzen dizkigu, baina hori da ikasteko tresnarik onena. Guk geuk ez badugu ebaluazioa ezagutza eraikitzeko aukera bikaintzat hartzen, nola biziko dute, bada, ikasleek horrela ikaskuntza? Funtsean, gogoa zabalik eduki behar dugu, eta ikasteko prest egon. Zorionez, gure lanean etengabe ikasteko aukera dugu; pribilegio handia da, beste askok ez dutena, eta guk ezin diogu ez ikusi egin.

Ikaskuntza esanguratsua izan dadin, teoria eta praktika lotu behar ditugu; informazioak bi noranzkoetan egin behar du, errealitate batetik bestera, eta errealitate horiek, maiz, desberdinak dira. Eta lotura hori beste pertsona batzuekin batera sortzen badugu, are hobeto. Gure gogoetak beste lankide edo, are gehiago, beste profesional batzuekin partekatuz gero eta haiekin batera hausnartuta, ikuspegi desberdinetatik aztertzen dugu egoera, sentsibilitate desberdinetatik, ezagutza desberdinetatik… Eta, horrela, gogoeta aberatsagoa da.

Irakasle-komunitate bat eraikitzea ikaskuntza hobetzeko

Innovamaten, ikastetxeei lagundu nahi diegu teoria lantzen duten eta praktika lantzen duten pertsonen arteko aldea desegiteko prozesu horretan, eraikuntzan eta lankidetzan oinarritutako irakasle-komunitate bat lortzeko eta ikasleengan ezagutza berriak sortzeko eta ikaskuntza hobetzeko.

Irakasleen artean gogoeta-praktika bultzatze aldera, ikasgeletan esperientzia pilotuak egiten hasi ginen Innovamaten. Horietan, gure didaktika taldeko hainbat pertsona benetako testuinguruetan jarri ziren. Ondoren, lanketa sakona egin zuten, banaka zein taldean, eta hainbat alderdiren inguruan hausnartu zuten; besteak beste, zer lortu nahi zuten, zer planifikatu zuten, azkenean zer gertatu zen eta zergatik. Esperientzia horiek guztiak esteka hauetan irakur ditzakezue:

Gure irakasle-jarduna hobetzeko bidea

Guk era horretako esperientziak sortzen eta partekatzen jarraituko dugu, baina espero dugu artikulu hau irakurtzeak zuen esperientzia propioak sortzera ere animatuko zaituztela, eta, nahi baduzue, gurekin parteka ditzakezue, elkarrekin hausnartzeko eta haietatik ikasteko. Ez dago zertan besteek egiten dutena inplementatu beharrik; aldiz, beste pertsona horien esperientzia onak oinarritzat har ditzakegu gure praktika eraikitzeko eta hobetzeko, betiere gure testuingurura eta egoera profesionalera egokituz.

Irakasleon lana munduko lanik ederrenetakoa da, eta, aldi berean, ardurarik handienetakoa. Ez diezaiogun inoiz utzi gure jardunari buruz hausnartzeari!

  • Jordi Delcor

    Llíviatik. Prestakuntzako ingeniaritza eta matematika irakaslea. Gaur egun, Innovamat-eko ikaskuntza arloaren arduraduna da eta gainerako irakasle eta maisuak prestakuntzakoak.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.