Skip to content

Heldu dira Bmathtarrak LH1 eta LH2 mailetara!

Ezagutzen al dituzueBmathtarrak? Innovamateko ikasleek Lehen Hezkuntzan biziko dituzten abenturen protagonistak dira. Saioak istorio narratiboarekin lantzen ditugunean, bi gauza eskaintzen dizkiegu ikasleei aldi berean: testuingurua eta emozioa.

Testuingurua ezinbestekoa da matematikan lantzen diren kontzeptuak — izaera abstraktukoak — bizitza errealeko gatazkekin eta egoerekin lotzeko. Emozioak dira ikasitakoari garrantzia eta esanahia ematen diotenak.

Bi osagai horiekin errazagoa da ikasleek ezagutza iraunkor eta sendo bat eraikitzea eta barneratzea.

Beraz, Bmathtarrekin batera ikasiko dute gure ikasleek abenturetan. Bmathtarrak bost laguneko taldea dira (Newt, Ada, Gali, Leo eta Tina), eta maskota bat dute, Bru. Izatez, ikasleen oso antzekoak dira: gazteak dira, esperientziarik gabeak; jakin-min izugarria dute, eta beti besteei laguntzeko prest daude. Haiek ere zalantzak eta estutasunak dituzte; haserretu, poztu eta triste jartzen dira, barre egiten dute eta ez dute inoiz etsitzen. Bmathtarrak eredu dira gure ikasleentzat, eta hori ezinbestekoa da haurrak istorioan murgil daitezen eta proposatzen ditugun erronkak haiekin parteka ditzaten.

Tina, Gali, Newt, Leo, Broo eta Ada

Agur Samuel eta Martina

Bmathtarrek historia luzea zuten, baina ez ziren LHko 3. mailara arte agertzen. Zer gertatu da? Ikasturte honetako berrikuntza nagusietako bat da Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako abenturetan ere Bmathtarrak izango ditugula protagonista. Horrenbestez, agur esan behar diegu Samueli eta Martinari, orain arte lan hori egin duten lagun maitagarriei.

Martina eta Samuel
Izeba Hipa

Bmathtarren testuinguru narratiboa 1. eta 2. mailara zabaltzeak aukera eman digu orain arte ikasleak eta irakasleak jakin-minez eduki dituzten zenbait zalantza argitzeko: nola ezagutu zuten elkar pertsonaiek? Nondik datoz? Zein da haien existentziaren zentzua? Ez diogu inori sailaren hasiera hondatu nahi, beraz, bi xehetasun emango ditugu.

Lehenik eta behin, izeba Hiparen papera, oso garrantzitsua. Pertsonaia hori orain arte oso gutxitan agertu da traman; bere ardura ikasleak aurkitzea eta trebatzea da, matematikaren bidez besteei lagun diezaieten. Hipa, beraz, mentorea da: gure lagunak urrutitik jarraituko dien gida bat.

Bestalde, Hipak sortuko ditu baita ere Solver, Logos, Link eta Graf, gure protagonistei laguntza eta aholkua eskainiko dieten lau maitagarri edo izpirituak. Izpirituok prozesu matematikoak pertsonifikatzen dituzte (Problemak ebaztea, Arrazoiketa eta proba, Loturak eta Komunikatzea eta adieraztea, hurrenez hurren). Erronka guztietan lagunduko diete Bmathtarrei, eta jarduera bakoitzari zuku matematiko guztia ateratzeaz arduratuko dira.

Bideo berriak

Solver, Link, Logos eta Graf

Hasierako zikloko bideoek, gaingiroki, lehengoen egitura bera dute. Lehenengo zatiak ekintza narratiboa sartzeko eta haurrak abenturan murgiltzera gonbidatzeko balio du. Ondoren, bideoa gelditu egiten da sarrerako jarduera bati bide emateko (askotan gorputzarekin edo manipulatuz egingo dugu), eta gero jarraitu egiten du erronka nagusiari testuingurua emateko: abenturen koadernoko orrialdea ebatzi beharko dugu. Garrantzia eman nahi diogu baita ere bideoen azken zatiari, erronkaren amaierari. Ikasleek istorioaren amaieraz gozatzea merezi dute, eta matematikako klasea aho-zapore onarekin eta egindako lanarekin gustura amaitzea. Azken finean, haurrek Bmathtarrek adina gozatuko dute abenturekin.

Baina narrazioan izandako berrikuntzak ez dira 1. eta 2. mailako bideoetan aurkituko dituzuen aldaketa bakarrak. Denbora asko igaro da Innovamateko animazio taldeak Samuel eta Martinaren bideoak egin zituenetik, beraz, estiloa eta teknologia eguneratzea tokatzen zen. Animazio-teknika eta -motor aurreratuagoak erabili ditugu; horregatik, bideoak askoz dinamikoagoak, errealistagoak eta ikusgarriagoak dira orain. Asko gustatuko zaizkizue, ziur gaude!

  • Fernando Abárzuza

    Matematikako irakaslea eta formazioz ingeniaria. Bere lana jarduera aberatsak diseinatzea eta Abenturetako istorio narratiboen gidoiak egitea da. Bestalde, Bigarren Hezkuntzan matematikako irakaslea ere bada.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.