Skip to content

4 gomendio zure ikasleek matematikarekiko beldurra gaindi dezaten

Miedo matemáticas

Table of Contents

Tamalez, oraindik maiz entzuten ditugu «nik ez dut matematikarako balio» eta antzeko esaldiak ikasgelan (eta baita kalean ere). Ikasle askorentzat, matematika ikasgai zaila eta frustrazio-iturri handia da. Horregatik, sekulako erronka da haiei sentsazio hori gainditzen eta ikasketa-prozesua hobetzen laguntzea. Baina zergatik da matematika horrenbesteko erronka ikasle batzuentzat? Eta are garrantzitsuagoa dena: irakasle gisa, nola lagun diezaiekezu oztopo horiek gainditzen eta matematikaz gozatzen ikasten?

Matematika, ikasgai zaila

Matematika ikasgai zaila da, besteak beste, eskatzen duen pentsamendu motak ez duelako zerikusirik beste irakasgai askok eskatzen dutenarekin; bestela esanda, matematikak eskatzen duen pentsamendu mota bestelakoa da: logikoagoa, sistematikoagoa eta abstraktuagoa. Ondorioz, matematika erronka da ikasle batzuentzat, bereziki mota horretako pentsamenduarekin eroso sentitzen ez diren ikasleentzat, oraindik problemak ebazteko trebetasun sendorik garatu ez duten ikasleentzat edo pentsamendu mota horrekin zuzenean lotutako ikasketa-zailtasunak (hala nola diskalkulia) dituzten ikasleentzat.

Matematikaren zailtasun-mailaren beste arrazoi bat alorraren beraren egitura hierarkikoa da, oso ikaskuntza sekuentziala eskatzen baitu: kontzeptu berri asko aurrez ikasitako kontzeptuetan oinarritzen dira. Horrek esan nahi du ikasle batek une jakin batean ezagutza jakin bat eskuratzen ez badu, litekeena dela gerora etorriko diren kontzeptuak ulertzeko zailtasunak izatea. Ondorioz, baliteke ikasleak “atzean geratzen” ari delako sentsazioa izatea, eta sentsazio hori, denborarekin, konponezin bilakatzen da.

Gainera, baliteke ikasle horietako batzuek beren matematikarako gaitasunetan konfiantza galtzea. Halakoetan, ikasleek esperientzia negatiboak izaten dituzte, eta horrek segurtasun-falta elikatu baino ez du egiten.

Nola egin diezaiokegu aurre zailtasun-sentsazioari matematikaren ikaskuntzan?

Orduan, zer egin dezakezu, irakasle gisa, zailtasunen aurrean zure ikasleei laguntzeko? Jarraian, hori lortzeko estrategia batzuk aurkeztuko dizkizugu. Baliagarri izango zaizkizula espero dugu!

Manipulatzeko materiala edo ikus-entzunezko baliabideek, hala nola grafikoak eta diagramak, matematikak ikusten eta bizitzen lagun dezakete, eta, horrela, ikasleengana hurbiltzen.

«Eroriz ikasten da oinez»; hala dio esaera zaharrak. Praktikako uneak sustatu behar ditugu, edukiak landu ahala prozesuak eta arintasun matematikoa garatzen joateko. Praktika ekoizpenezkoa izan daiteke (adibidez, galdera ireki batetik abiatuz, ikasleei testuinguru eta helburu bat aurkezten dizkiegu, eta erantzuna ekoizteko praktika behar da), edo erreprodukziozkoa (prozedura bat behin eta berriz erreproduzitzean datza, errepikapen soilaz aparteko helbururik gabe). Kasu honetan, teknologia lagungarria izan dakiguke, betiere kontuan izanda baliabide gehigarri bat dela, praktika pertsonalizatzeko, ikasleen zailtasunei arreta emateko eta edukiak modu dinamikoagoan lantzeko. Dastatu esperientzia applet honekin!

Ikasgela anitza da, bertako ikasleak ere hala direlako. Planteatu zoru baxuko eta sabai altuko jarduerak: jarri zure ikasleak pentsatzen, eta, harago joan daitezkeenen kasuan, horretarako aukera izan dezatela. Inklusiorako gakoa gela ez zatikatzea da. Aniztasunari arreta emateko moduari buruz gehiago irakurri nahi baduzu, irakurri gure blogeko artikulu hau.

Lagundu zure ikasleei matematikarekiko jarrera positiboa garatzen: azken emaitzak bakarrik goraipatu beharrean, goraipatu ikasleen ahalegina eta aurrerapena ere. Anima itzazu ahalegin daitezen eta amore eman ez dezaten, eta gogoraraz iezaiezu ez direla zertan akatsaren beldur izan.

Oro har, “blokeo matematikoak” ohikoak dira, baina, pentsamolde eta estrategia egokiekin, gaindi daitezke. Hazkundean oinarritutako pentsamoldea sustatzen baduzu, praktikarako aukera ugari eskaintzen badituzu eta material praktikoak eta laguntza bisualak erabiltzen badituzu, zure ikasleei matematikarekin lotutako segurtasun-falta gainditzen eta ikasketaz gozatzen lagun diezaiekezu.

Ahalegina matematikaren ikasketan

Artikulua amaitutzat eman aurretik, argi utzi nahi dugu zailtasuna ezinbesteko elementua dela ikasketan. Gu ere irakasleak gara, eta badakigu matematika ikastea zaila izango dela ikasleentzat, baina, didaktikaren ikuspegitik, ikasketa aberasteko aukera eskaintzen digu. Izan ere, ahaleginaren edo borrokaren ideia (ingelesez, struggle) ez da matematikaren alorrekoa soilik, baina ezinbestekoa da adimen-hazkunderako. Hori dela eta, Hardy, Dewey, Piaget eta beste aditu batzuek iradokitzen duten moduan, zailtasun horiek saihetsi baino, matematika irakasteko borrokako eta ahalegineko uneak planteatu behar ditugu. Problema deserosoak planteatu behar ditugu, estrategia on bat bilatzeko eztabaida-uneak are gehiago sustatuko dituztenak, eta argi utzi behar dugu zailtasunak berezkoak dituela jarduera matematikoak; problema bat ebatzi ondoren sentitzen den gogobetetasuna zuzenki proportzionala da problema ebazteko behar izan den borroka eta ahaleginarekiko.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.