Skip to content

Fikziozko trama ikasgelan

Ficcio aula matemàtiques

Mayeli batxilergoko lehen mailako ikaslea da, eta ikasle fina gainera, baina ez zuen ezer jakin nahi literatura ikasgaiko irakurgaiaz: Bizitza amets. Eta Bizitza amets derrigorrezko irakurgaia da; izan ere, gai-zerrendan egoteaz gain, bizitza aldatu dio jende askori! Baina Mayelik ez zuen aurkitzen irakurgaian nola sartu, nola murgildu. Oraingoz, lan hori leku babesgabe eta blindatua zen.

Goiz batean, ordea, fisikako irakasleak fisika kuantikoari buruzko eskola labur bat eman zuen, eta Mayeli zentzumenek engainatu egiten gaituztela konturatu zen. Mahai bat ukitzen ari zela uste zuen arren, berez mahaiaren bibrazioa baino ez zuela hautematen, baina eskuak ez zuen inoiz mahaia ukitzen. Eta Mayelik, hariari tiraka, zera pentsatu zuen: «Eta kontua harago badoa? Eta guztia ilusio bat bada, engainu bat? Are gehiago, eta guztia amets bat balitz?». Eta, orduan, literatura ikasgaian horrekin lotutako antzezlan bat irakurtzen ari zirela gogoratu zuen. Bertan, preso bati bere errealitatea amets bat dela sinestarazten saiatzen dira behin eta berriro. Eta zera pentsatu zuen: «Eta ni Bizitza amets laneko protagonista Segisberto bezalakoa banintz?». Eta, horrela, Mayeli irakurgaian murgildu zen. Badakizue zergatik? Aurrez galdera bat luzatu ziolako bere buruari. Bizitza amets laneko protagonistak Segismundo izena du, ez Segisberto, baina berdin zuen. Mayelik gogoratuko zuen aurrerago. Izan ere, Mayelik antzezlanean murgiltzeko bidea aurkitu zuen. Bere bidea, ondoen zihoakiona. Eta, kasu honetan, fisikari esker izan zen. Lotura bati esker.

Matematikak eta bizitza

Eta ez al da hori, hein batean, irakaslearen lana? Ikasle desberdinengan galderak eta jakin-mina piztuko dituzten sarbideak diseinatzea. Ezagutza-alorren eta ikasteko moduen arteko loturak sustatzea, horrela guztiak ongietorriak izan daitezen ezagutzaren festara. Esaldi hau egia biribila da: ikasgelan, gero eta gehiago eta askotarikoagoak izan, orduan eta gehiago egingo dugu barre.

Orain matematikako ikasgelan gaude: Mayelirentzat erraza da abstrakziotik zuzenean erronka eta problemetara igarotzea. DBH3ko Jacobek, ordea, manipulatzeko materiala behar du lehenbizi, eta ondoren egiten du abstrakziorako saltoa. Eta Duniak, DBH1ekoak, ez bata, ez bestea ez du egiten oraingoz. Gainera, urteak daramatza matematiketarako balio ez duela entzuten (eta esaten); beraz, ia ez da saiatu ere egiten. Bakarrik betetzen den profezia da. Pentsamendu automugatzaileak.

Baina, egun batean, DBH1eko matematika-eskola batean, 5 minutuko bideo bat jarriko diote Duniari. Bertan, fikziozko pertsonaia batek, bera bezalako neska batek, Samek, bere arazoak azaltzen ditu, Duniarenen oso antzekoak. Sam ere ziur dago ez duela matematiketarako balio eta matematikak aspergarriak direla, oraindik ez baitu haietan murgiltzeko bidea aurkitu. Samek ere ez daki zer egiten duen munduan, ezta inguratzen duen kaosa nola ordenatu ere. Samek kontatzen duena Duniari asko interesatzen zaio, eta gehiago jakin nahi du.

 

Hurrengo astean, Samen eskutik, egun batean sumertar batek bizilagunari zenbat behi zor zizkion idatzita uzteko beharra izan zuela deskubrituko du Duniak, eta, horretarako, buztinezko kono batzuk buztinezko bola baten barruan gorde zituela, eta zera pentsatuko du: «hara zer ondo, horrela asmatu ziren idatzizko zenbakiak». Eta beste egun batean, cover-up estrategia deskubrituko du, eta ikusiko du ez dela erronka aljebraiko bati aurre egiteko estrategia soila, baizik eta bizitzako zailtasunak gainditzeko tresna ere badela.

Samen bidaia

Duniak ikasgelan ikusten duen fikziozko serie horrek Samen bidaia du izena. Innovamat egiten duten ikasleek oso gustura ikusten dute, DBHko lehen eta bigarren mailan. Istorioaren protagonista 14 urte inguruko neskato bat da. Egun batean, neskatoa mundu bitxi batean agertzen da, hara nola iritsi den ez zergatik jakin gabe. Nolabait, ikasle guztiak adin horietan sentitzen diren moduan. Pixkanaka, han izateko zergatia deskubrituko du, eta ezagutzen dituen pertsonaiekiko zer lotura duen; izan ere, ezagutzen dituen pertsonaia horiek guztiak historiako matematikari garrantzitsuak dira. Horrela, Samek, eta Duniak, eta gainerako ikasleek, matematikak abstraktuak ez direla ulertzen joango dira, ez eta tresna soil bat ere, baizik eta mundua esploratu eta ulertzeko lengoaia konplexu eta zoragarria. Eta matematikek benetako giza beharrekin batera egiten dutela aurrera, ez curriculumak hala dioelako.

 
Esate baterako, berreketen eta Arkimedesek zenbaki erraldoiekin eragiketak egiteko izan zuen beharraren arteko lotura ikasiko dute; Mendebaldeko kulturak denbora behar izan zuela zenbaki osoak onartzeko, hemen oraindik ez baitziren zegozkion galderak egin; Brahmaguptak, hil zenean, artean zenbaki bat zati 0, 0 zela uste zuela, eta horrek akatsak egitea txarra ez dela gogoraraziko dio Duniari. Eta Fields dominaren emakumezko lehen irabazleak, Maryam Mirzakhani irandarrak, idazlea izan nahi zuela Bigarren Hezkuntzan matematikez maitemindu zen arte (hain zuzen, Samen eta Duniaren adin berarekin; eta, hain zuzen, biei gustatzen zaie idaztea).


Horrela, Samen bidaiari esker, Duniak eta gainerako ikasleek matematiken eta bizitzaren artean lotura estua, intrintsekoa dagoela gogoratuko dute, matematikak mundua deskubritu, harez gozatu eta hobetzeko lengoaia direlako. Hori guztia, erreferentzia kulturalez josita. Alde batetik, ikasleen unibertsora hurbiltzen gaituzte, eta, bestetik, unibertso hori zabaltzen dugu. Asterix eta Obelix, BTS, Harry Potter edo Chihiroren bidaia matematikako ikasgelan? Bai, noski! Garuna lotura-zentro izugarri ahalmentsua da, eta gure ikasleek ondo dakite hori. Hain zuzen, horrela ikasten dute ikasleek: loturak ezarriz.

Sam eta trebetasun sozioemozionalak

Eta, azkenik, Samek matematiken munduan zehar egiten duen bidaia horren gertutik jarraituta, matematikak gure eguneroko bizitzara ekartzen ditugu, eta trebetasun sozioafektiboak lantzen ditugu matematikako ikasgelan. Akatsak egiteko beldurra, ardura; jarraikitasuna; bakarrik betetzen diren profeziak eta pentsamendu automugatzaileak haustea. Eta baita herstura matematikoa gainditzea ere. Fikzioa matematikako ikasgelara eramanez, ikasleei ispilu bat ematen diegu, non beren beldurrak eta, aldi berean, horiei aurre egiteko ereduak islatzen dituzten. Eta ate berri bat zabaltzen diegu, bide berri bat ematen, agian iraganean ezagutza eta trebetasun matematikoen munduan nola sartu ez zekiten ikasleen belaunaldi berriei.

  • Verónica Sánchez Orpella

    Pompeu Fabra Unibertsitatean Giza zientziak eta Kazetaritza ikasi ditu. Literatura klaseak eman ditu Bartzelonako eta New Yorkeko institutuetan. Gaur egun, irakaskuntzan eta curriculum-koordinazioan dabil L’Horitzó ikastetxean (Bartzelona), eta El viaje de Sam saileko gidoiak idazten Innovamaten. 2014an Carlemany saria irabazi zuen Coses que no podrem evitar (Columna) gazteentzako eleberriarekin.

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.