Skip to content

Ebaluazioa Innovamaten: Elkarrizketa Julio Garcíari

Julio García

Julio García ebaluazioarekin eta sekuentziazio didaktikoarekin lotutako kontuez arduratzen den gure taldearen arduraduna da. Profesional eta aditu talde horren helburua marko kontzeptual sendoa eta irakasleentzako ebaluazio-tresna erabilgarriak garatzea da.

Julio, nola heldu zinen Innovamatera?

Irakasle-ikasketak egin nituen Bartzelonako Unibertsitatean (UB), eta azken ikasturtean matematikako aipamenean espezializatu nintzen. Espezializazio-alor horrekin lotuta, matematikaren didaktikari buruzko ikasgai dezente egin nituen, eta asko gustatu zitzaizkidan. Horren ondoren, matematikako irakasle eta aditu ibili nintzen 7 urtez Lehen Hezkuntzako eskola batean. Hain zuzen, han ezagutu nuen Innovamat, proiektua aurkeztera etorri zirenean. Denbora neraman nire eskoletan argitaletxeetako materialak neure material propioekin ordezkatzen. Halere, Innovamaten matematikaren didaktikari buruz zeukaten ikuspegiak eta bertako adituen hitzaldiek nire interesa piztu zuten proiektuari zegokionez. Innovamat erabiltzen hasi nintzen, eta libre neuzkan tarteetan feedback-a eman niezaiekeela proposatu nien. Duela bi urte, konturatu nintzen Innovamaten lan eginez gero nire lanak eragin handiagoa izan zezakeela irakasle-komunitatean eta haurren ikaskuntzan. Eta, beraz, taldean sartu nintzen.

Gaur egun, Innovamateko Ebaluazio taldeko arduraduna zara. Zergatik da horren garrantzitsua ebaluazioa guretzat?

Irakasleari bere lana egiten benetan laguntzeko, jarduerak eta prestakuntza eskaintzea ez da nahikoa; ebaluazio-kontuez ere arduratu behar dugu. Ikastetxe, irakasle eta adituekin buruz buru aritzen gara, ebaluazio-tresnen marko teorikoa eta prototipoak garatzen eta horiek ikasgelan probatzen.

300 pertsona baino gehiago gara, soilik matematikaren irakaskuntzarako lanean ari garenak. Horri esker, matematika irakasgaiko eduki eta gaitasun bakoitzaren sekuentziazio didaktikoa aztertzera bidera ditzakegu baliabideak. Horrek gure app-erako algoritmoa gero eta eraginkorragoa izatea ahalbidetzen du, besteak beste.

Zer aldatu da ebaluazio tradizionaletik prestatzailera?

Bi ebaluazio mota daude: kalifikatzailea, hau da, ebaluazioa ikasleak zer ikasi duen egiaztatzeko eta hura zenbakizko nota batekin puntuatzeko tresnatzat duena, eta prestatzailea, hots, matematikaren didaktikaren ikuspegitik askoz ere garrantzitsuagoa eta eraginkorragoa dena; izan ere, ikaslearen prozesu metakognitiboa garatzeko aukera ematen digu, eta ikasleari hamaika tresna ematen dizkio haren burua erregulatzen eta autonomoa izaten ikas dezan. LOMLOEren ezarpenak paradigma hori baieztatu besterik ez du egin.

Nola ebaluatzen dira gaitasunak?

Matematikaz hitz egiten dugunean, edukiez soilik ez ezik, prozesuez ere hitz egiten dugu (problemak ebaztea, loturak, etab.), eta guk argi daukagu horrek irakaslea oso aktibo egotea eskatzen duela.

Horregatik da horren garrantzitsua irakasleak ebaluazioaren inguruan trebatzea eta ikasleek barneratzen dituzten prozesuak ikusten lagunduko dieten tresnak ematea. Halere, etorkizunean prozesuen ebaluazioa automatizatzen lagunduko diegu irakasleei.

Ez dirudi erraza, eta are gutxiago objektiboa. Nola egin dezakegu hori?

Prozesuak ebaluatzeko, irakasleei ez zaie zenbakizko notarik eskatzen, nota kualitatibo bat eta idatzizko iruzkin bat baizik. Hor ikusten dugu ezin garela % 100 objektiboak izan. Dena dela, prozesu bakoitza trebetasun jakinetan banatzen badugu eta ebaluazio hori edukien ebaluazioarekin osatzen badugu, objektiboagoak izan gaitezke. Ikasleen egoera azaltzen dugun bakoitzean, prozesuak modu abstraktuan ebaluatzeaz gain, edukiak ere ebaluatzen ditugu horiekin batera.

Zer tresna eskaintzen ditugu ebaluazio-lana errazteko?

Oraintxe bertan dugun gauzarik baliotsuena prestakuntza-jardunaldiak, web-mintegiak eta Kudeatzaileko prestakuntza-kapsulak dira.

Baina ebaluazio-lana egiten laguntzeko produktu jakinak ere badauzkagu.. Adibidez, gidetako iruzkinak, ikasgelako jarduerak egin bitartean prozesuen garapenaren inguruko ebidentziak jasotzeko; atal bakoitzaren amaierako ebaluazio-ariketak, horiek ere aholkuekin, eta app-ak sortzen dituen asteko txostenak, ikasle bakoitzaren garapenari buruzko xehetasunekin. Horrez gain, berrikuntza batzuetan ari gara lanean.

Aurreratuko al zeniguke berritasun horietakoren bat?

Une honetan, lantzen ari garen proiekturik garrantzitsuena matematikaren alderdi guztiak barne hartuko dituen ikaskuntza-ibilbidea sortzea da. Halaber, prozesuen sekuentzia didaktiko batean ari gara lanean. Eta, azkenik, ikaslearen egoerari buruzko informazioa emango diguten ebaluazio-tresna berrietan, bai edukiei dagokienez, bai prozesuei dagokienez.

  • Anna Llobet

    Eduki-idazlea eta komunikatzailea Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean ikasketak egiten ari zela, komunikazioak ezagutzak transmititzeko eta emozionatzeko duen garrantziaz ohartu zen. Beti izan du interes handia ikasketa matematikoaren inguruko hezkuntzan eta balioetan: «Matematika ere mundua azaltzeko hizkuntza bat da».

Azken sarrerak

Eman izena Newsletterrean

Jaso gure berriak eta eduki guztiak zure helbide elektronikoan.